Bat, Barik eta Mugi txartelak EAEko garraiobide guztietan erabili ahal izango dira

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak ezagutzera eman duenez, hemendik aurrera lurralde bakoitzeko garraio txartela beste lurraldeetan ere erabili ahal izango da. Orain arte, txartel horiek erabilera mugatua zuten beste lurraldeetako garraio zerbitzuetan. 

Hiru dira EAEn garraio txartel nagusiak: Bat, Araban; Barik, Bizkaian; eta, Mugi, Gipuzkoan. Azken urteetan erabateko interoperatibitatea lortzeko urratsak eman dira. Horrela, 2014an Euskadiko Garraio Agintaritzako (EGA-ATE) kide guztiek onetsi zuten Interoperatibitatearen Master Planaren arabera, burutu beharreko erronka nagusia garraio txartel ezberdinak Euskadiko garraio publiko moduen % 100ean erabiltzeko aukera ematea zen. Ordutik hona, aipatu integrazioa osoa izateko urratsak eman dira, baina bi garraio modu handi barneratu gabe geratu ziren: Bilboko Metroaren 1. eta 2. lineetan Mugi txartela erabiltzeko aukera eta Lurraldebuseko lineetan Bat eta Barik txartelak erabiltzeko aukera.

Integrazio osorako data zehazteke dago, baina ahalik eta lasterren izango dela ziurtatu dute. Modu horretan, Interoperatibitate horretatik kanpo geratuko den garraiobide bakarra Renferen aldiriko trenak izango dira, garraiobide hori Espainiako Gobernuak kudeatzen baitu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.