Enara Ruiz de Egino: “Gazteei komunitate indigenen errealitatea ezagutzeko aukera eskaini nahi diegu”

Mundukide Fundazioak eta Laboral Kutxak gazteak Ekuadorreko nekazaritza eskualdeak bisitatzera gonbidatzen dituen programaren bigarren edizioa jarri dute abian. Zein da aipatu egitasmo horren xede nagusia?

Programa horren helburu nagusia da Laboral Kutxako gazteei Ekuadorreko komunitate indigenen bizi errealitatea eta garapen prozesuak ezagutu eta partekatzeko aukera eskaintzea, errealitate horiek balioan jarri eta beraien gertuko gizartean, komunikazioa ekintzen bidez, ezagutzera eman ditzaten. Programak, beraz, hiru helburu nagusi ditu, Ekuadorreko komunitate indigenak ezagutzea, errealitate horien inguruan hausnartzea eta gure gertuko gizarteari komunikatzea.

Nola aukeratzen dira elkartasun ekimen  horretan partu hartuko duten gazteak? Zein  nolako profilak bilatzen dituzue? Edonork eman dezake izena? 

Berez, ekintza hau Laboral Kutxako bezero gazteei zuzendua dago. Izena emateko baldintza bakarra adina da; parte-hartzaileek 23 eta 30 urte bitartekoak izan behar dute. 

Hautaketak bi fase ditu. Lehenengo fase batean, izena eman duten hautagai guztien artean zozka bidez 200 pertsona aukeratuko dira. Ondoren, 200 pertsona horien artetik eta inprimakian eman duten informazioaren arabera, 30 aukeratuko dira eta horiei guztiei elkarrizketa egingo zaie. Elkarrizketak amaitu ondoren bidaian parte hartuko duten hamar pertsonak aukeratuko dira. Hautaketa prozesuaren helburua da ikasi eta  partekatzeko gogoa duen talde askotarikoa osatzea.

Behin bidaian joango diren gazteak hautatuta, berariazko formakuntzaren bat jasoko dute Ekuadorrera abiatu aurretik? 

Bidaia hasi aurretik, bidaian parte hartuko duten gazteekin egun osoko jardunaldi bat antolatuko da. Bidaia hori Mundukideren eraldaketarako hezkuntza helburuetan txertatzen da eta gazteek bidaian zehar egingo duten hausnarketarako irizpidea.

Behin Ekuadorren, zein eskualdetara joango dira? 

Bidaia Quiton hasiko eta, ondoren, Orellana eta Napo probintzietako Amazonia ezagutzeko aukera izango dute.

Bidaia noiz egingo den zehaztuta dago? Zein iraupena izango du? 

Bidaia irailean izango da, baina, momentuz ez dago data zehatzik.Asmoa irailaren 6 eta 20 bitartean egitea izango da.

Zein nolako ekintzak burutu dituzte bertan?

Bidaiaren helburua gazteek bizipen eta esperientzia ezberdinak izatea da. Horretarako hainbat aktibitatea aurreikusten dira,  hasi toki ezberdinak ezagutzetik eta Amazoniako indigenekin elkarbizitza esperientzia partekatzeraino.

Zer aurkituko dute han? Zein nolako errealitatearekin egingo dute topo? 

Batez ere Ekuadorreko Amazoniako errealitatea ezagutzeko aukera izango dute.

Pasa den urtean, programa horren lehen edizioa izan zen eta hamar gaztek  Kolonbiako Nariño Departamendua bisitatzeko aukera izan zuten. Bueltan, zein nolako iritzi eta esperientziak ekarri zituzten? Zer da zirrara gehien eragin ziena?

Bidaian parte hartu zuen gazte batek, ekarri zuten esperientzia modu honetan laburtu zigun: “Bidaia Kolonbiako Nariño lurraldean bizi diren pertsona ezberdinen errealitatea ezagutzeko oso baliogarria izan zaigula pentsatzen dut, horrez gain, bertako gastronomia, kultura eta egoera soziala gertutik ikusteko aukera paregabea izan dugu. Bizipen ikaragarria eta esperientzia aberasgarria izan da. Inoiz ahaztuko ez dugun oroitzapena.”

Mundukide Ekuatore Ginean, Zimbabwen eta Mozanbiken ere lan egiten duen erakundea da. Etorkizunean esperientzia hau herrialde horietara zabaltzeko aukera aurreikusten duzue?

Gaur egun Afrikan Mozambiken bakarrik bultzatzen ditugu garapenerako lankidetza proiektuak, nahiz eta momentu hauetan Etiopian lanean hasteko urratsak ematen ari garen. 

Bestetik, Mundukiden gizarte eraldaketako hezkuntza arloan ere hasi gara urratsak ematen. Bidaia hau esparru horretan kokatzen dugu eta iaz antolatu genuen lehenengoz, Laboral Kutxak egin zigun elkarlanerako proposamenari erantzunez. Aurten Ekuadorrera egingo dugu bidaia, baina zabalik gaude herrialde berrietan ere esperientzia hau errepikatzeko.

Ekimen hau garatzeko ehun kooperatiboan diren bi erakundeen arteko elkarlan-sistema bat aktibatu duzue. Zertan datza aipatu sistema hori? 

Mundukidek urteak daramatza kooperatibekin interkooperazio proiektuak bultzatzen. Proiektu horien funtsa elkarlanean garapenerako lankidetza sustatzea da eta helburu horrekin proiektu ezberdinak lantzen ditugu kooperatibekin. Testuinguru horretan kokatzen da Laboral Kutxarekin elkarlanean gazteentzat antolatu dugun bidaia hau.

Zein motako egitasmoak garatzen ditu Mundukidek?

Mundukidek bultzatzen dituen proiektuak arlo produktiboko proiektuak dira, pertsonei lan egiteko aukera eskaintzen dietenak, lanaren bidez beraien bizitza eta beraien komunitateen bizitza hobetzea helburu dutenak.  

Azaldu ahal diguzu, modu laburrean zer den Mundukide? Zer nolako lanak burutzen dituen, non, zein helbururekin eta norekin aritzen den elkarlanean…

Mundukide hainbat eragile kooperatiboren konpromisotik sortutako Garapenerako Lankidetzarako erakunde bat da. Gure helburua hegoaldeko herrialdeekin, esperientzia bat (Arrasateko Esperientzia Kooperatiboa), egiteko modu bat eta baliabide batzuk partekatzea da eta prozesu horretan elkarrengandik ikasi eta pertsona eta komunitate gisa hazten joatea.

Brasilen eta Mozambiken 10 urte baino gehiago daramatzagu bertako elkarte eta nekazariekin elkarlanean lan aukerak sortzen. 

Horrekin batera, 2018an Kolonbian epe luzeko programa berri bat hasi dugu. Eta une hauetan Etiopian identifikazio prozesu bat egiten ari gara, urte amaieran programa berri bat martxan jartzeko asmoz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.