NKGIk abian jarri du gazteen artea sustatzeko programaren edizio berria

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak (NKGI) “Arte Gaztearen Topaketak” programaren edizio berria iragarri du. Aurtengo edizioan, zehazki, Arte Eszenikoak, Arte Plastikoak, Ikus-entzunezkoak, Moda Diseinua eta Musikak sustatu nahi dira. Aipatu programa Nafarroako 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie (talde bakoitzeko kideen % 33ak adina gaindi dezake) eta lanak aurkezteko epea ekainaren 24an amaituko da. Parte-hartzaile bakoitza banaka edo taldean aurkeztu ahal izango da programan sartzen diren modalitate ezberdinetan.

Epaimahaiak osatzen dituzten pertsonak sustapenarekin eta erakusketa-zirkuituekin lotutako profesionalak dira; beraz, artista sarituek bere obra erakutsi eta produzitu ahal izango dute Foru Komunitatean nahiz Foru Komunitatetik kanpo.

Sariei dagokienez, emandako zuzkidura ekonomikoa produkzio artistikorako, prestakuntzarako, esperimentaziorako edo lanak trukatzeko, erakusketarako, ikerketarako edo NKGIrekin aurrez adostutako beste edozein ekintzarako erabili beharko da. Zuzkidura 2.500 eurokoa izango da proiektu onenarentzat, 1.500 eurokoa bigarren proiektuarentzat eta 1.000 eurokoa hirugarren proiektuarentzat.

“Arte Gaztearen 2019ko Topaketak” programak artearen generoen eta hizkuntzen elkarreragitearen aldeko apustua egiten du, kontzeptua lantzeko beharrezko baliabideak bezala. Helburu hori lortzeko, programan lankidetza erako lana ezartzen da, proiektuak trukatzeko ehun artistikoa eta lanerako sareak sortuaz, artista gazteak erakusketa eta banaketa zirkuituetara hurbiltzeaz gain.

Aldi berean, tailer irekiak egiten dira, eta parte-hartzaileek nahiz bestelako artista gazteek har dezakete parte harik eta kopurua bete arte. Modu horretan, hautatutako pertsonen erakusketa, proiekzio, moda-desfile, emanaldi eta kontzertuez gozatu ahal izango da programa osoaren agendan aurretik ezagutzera emango diren gela eta espazioetan; besteak beste, Uharte Zentroa-CACH, Iruñeko Civivox zentroak, dantzalekuak edo Baluarte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.