Duela 20 urte bezala, medikuntza, irakaskuntza, albaitaritza, negozioen gerentzia eta ingeniaritza bezalako ohiko lanbideek gazteak erakartzen jarraitzen dute. Baina teknologia berriak, sare sozialak eta adimen artifizialak lan-mundua eraldatzen ari dira uste baino azkarrago. Ondorioz, lan-itxaropen horiek ez dirudite oso errealistak, are gehiago, kontuan hartzen bada gazteek gustuko dituzten lanbideen % 40 inguru automatizatze arriskuan daudela eta 15 urte barru inguru desager daitezkeela jakinda. © shutterstock.com

Txikitan guztioi galdetu izan digute noizbait  helduak garenean zein lanbide izan nahiko genukeen. Galdera inozo hori ez da hain inozoa nerabetasunera iristen garenean, adin horretan jada etorkizunean zein lanbide izan nahi dugun pentsatzen hasi behar dugulako eta, horren arabera, formakuntza-ibilbide egokiena aukeratu behar delako. Izan ere, arkitekto izan nahi izatea oso ondo dago, baina matematikan larri bazabiltza, agian hobe litzateke beste karrera bat aukeratzea.

PISA ebaluazioan antzeko galdera bat egiten zaie gazteei. Eta erantzunek adierazten dutenez, gazteek, etorkizunean, gaur egun tradizionaltzat jo daitezkeen lanbideetan ikusten dute euren burua: medikuntza, irakaskuntza, albaitaritza, negozioen gerentzia, ingeniaritza, bai eta polizia ere.

Aipatu lanbideek gazteak erakartzen jarraitzen dute, duela 20 urte egiten zuten maila berean. Baina orduan ez bezala, gaur egun badira lan-merkatua baldintzatzen duten aldagai berriak: sare sozialak eta hedabide digitalak, teknologia berrien eragina eta adimen artifizialaren agerpena.

Zoritxarrez, eta datuek adierazten duten horretan oinarrituta, ez dirudi gazteen itxaropenak oso errealistak direnik. Izan ere, gustuko dituzten lanbideen % 40 inguru automatizatze arriskuan dira eta, ondorioz, 15 urteko epean desager daitezke, hots, gazte horiek lan-merkatuan barneratu berri direnean. 

Horixe da, hain zuzen ere, Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (ELGE) ezagutzera eman duen “Nerabeen lan-itxaropenak eta lanaren etorkizuna” txostenaren ondorio nagusia. Bertan, eta PISA 2018ko datuetan oinarrituta, berrogei herrialde inguruko gazteen asmo profesionalak eta lan-etorkizuna aztertzen da. Txostenak ohartarazten duenez, Estatuko institutuen % 90 inguruan ikasleei aholkuak emateko orientatzaileak diren arren, 15 urteko nerabeek ez omen dute euren formakuntza-ibilbidea pragmatismo handiarekin aukeratzen. Antzeko zerbait ematen da ELGEko beste herrialdeetan ere: herrialde horietako gazteek aukeratzen dituzten enpleguen % 40 automatizazio arriskuan dira. 

Gazteek zer izan nahi dute

ELGEk argitaratu duen txostenak azaltzen duenez, aztertu diren herrialdeetan, orokorrean, gazteek  lanbide gutxi batzuk besterik ez dituzte aukeratzen euren asmo profesional gisa. Duela bi hamarkada aniztasun handiagoa zegoen eta 15 urteko nerabeek mota guztietako lanbideak aipatzen zituzten.

Estatuko ikasleek aukeran izan ditzaketen lanbideen % 40 inguru 15 urte barru desagertzeko zorian izango dira, nagusiki, automatizazioaren eraginez.

Estatuan, nerabe guztien erdiaren asmo profesionalak hamar lanbidetara mugatzen dira. Ikasleek, nagusiki, Zientzia Sozial eta Juridikoekin zerikusia duten ikasketak aukeratzen dituzte, gaur egun lan-irteera gehien dituzten Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika ikasketak baino lehen.

Hamar lanbidek biltzen dituzte estatuko nesken % 56,2ren lehentasunak. Horrela, 15 urteko neska gehienek honako lanbideak aipatzen dituzte haien asmo profesional gisa: irakasle (% 17,2), mediku (% 10), psikologo (% 6,4), abokatu eta jurista (% 6,9), erizain eta emagin (% 3,8), polizia (% 3,6), idazle (% 3), diseinatzaile (% 2,9) eta albaitari (% 2,3). 

Mutilen % 49,4ren kasuan, lehentasunak honako hauek lirateke:  IKT (% 9,5), polizia (% 7,3), ingeniari (% 7,3), irakasle (% 7,1), ibilgailuetako mekanikari (% 4,5), mediku (% 3,9), kirolari (% 3,7), suhiltzaile (% 2,3), idazle (% 2) eta diseinatzaile (% 1,9). ELGE erakundearentzat deigarria da espainiar nerabeek polizia izateko azaltzen duten “interes handia”. Baina era berean, erakunde berak kezkagarritzat jotzen du nerabe multzo handi batek buruan hain lanbide kopuru mugatua izatea. Lanbide horiek gainera, lanbide tradizionalak dira. Horrek, nolabait, agerian utziko luke nerabeek ez dutela sortzen ari diren eta gero eta indar handiagoa duten lanbideen berri.

Berriki, espainiar unibertsitateetako errektoreek  ohartarazi dutenez, etorkizun gehien duten karrera teknologikoetan matrikulatu diren ikasleen kopuruak behera egin du % 30ean 2000. urteaz geroztik, gazteei “egin beharreko esfortzuak ez dielako merezi”.

ELGE erakundearen esanetan, gazteen asmo profesionalak hain lanbide gutxitan metatzea  orientazio profesional ezegoki baten ondorioa izan daiteke. Horrela, gazteek lanbide aukera zabalagoa azaltzen duten herrialdeetan (adibidez, Alemania eta Suitza) institutuetan den orientazio profesionalean sendotasun handiagoa antzeman daiteke. Zehazki, aipatu bi herrialde horietan,  lan-eskaintzaren eta, sarritan, Lanbide Heziketarekin harremana duten kualifikazio handiko programen inguruko informazio osoagoa eskaintzen da.

ELGEk funtsezkotzat jotzen du  lan-orientazio egoki bat, ez bakarrik lan onak aurkitzeko, baita eskolaren baliagarritasunaren inguruan “jarrera positiboagoak” izateko ere. 

Automatizazio arriskua

Estatuko nerabeek aukeran dituzten lanbideen % 40 inguru 15 urte barru desager daitezke, nagusiki, automatizazioaren ondorioz.

Txostenaren arabera, desagertzeko aukera gehien dituzten lanbideak honako hauek lirateke: kontulariak eta kontu-ikuskariak, bezeroen aurrean lan egiten duten jarduerekin harremana duten lanbideak (bidaia-agentziak, kutxazainak, idazkariak, harreragileak, aseguru-agenteak, bezeroen harremanetarako zerbitzuak eskaintzen dituzten teleoperatzaileak edo bankako langileak). Garraioarekin harremana duten lanbideak ere arriskuan izango dira: tren-gidariak, txoferrak eta taxistak, hegazkinetako mekanikariak eta ikuskatzaileak…

Txanponaren beste aldean, datozen urteetan irtenbide gehien izango dituzten lanbideak Osasun Zientziekin eta Informazio eta Komunikazio Teknologiekin harremana duten horiek izango dira.

Txostenean jasotzen denez, neskek mutilek baino lanpostu sendoagoetarako asmoa dute. Era berean, ingurune aberatsetako ikasleek ingurune behartsuetako ikasleek baino aukeraketa hobeak egiten dituzte.

Desagertzear diren lanpostuen ehunekoa zertxobait txikiagoa da (% 35) Australia, Irlanda eta Erresuma Batua bezalako herrialdeetan, hainbat lanetarako ingelesa ezinbestekoa delako. Alemania, Japonia, Grezia eta Eslovakia bezalako herrialdeetan, berriz, arriskuen diren lanbideen kopurua altuagoa litzateke (% 45).

2018. urtean, Cedefop agentziak (Lanbide Heziketaren Garapenerako Europar Zentroa) “Skills Forecast” izeneko txostena argitaratu zuen. Bertan, etorkizuneko enpleguaren inguruko azterketa egiten zen eta 2030. urterako Espainian sortuko diren lanpostu berrien % 65erako prestakuntza ertaineko profesionalak (Lanbide Heziketa) eskatuko direla aurreratzen zen. Beste % 35erako goi-mailako formakuntza duten profesionalak eskatuko lirateke, hau da, Lanbide Heziketako goi-mailako graduak edo unibertsitate-graduak dituzten profesionalak.

Tradizionalki, Lanbide Heziketa hezkuntza-sistemaren ‘ahatetxo itsusia’ izan da. Zorionez, pertzepzio hori aldatzen hasi da eta horrela egiaztatzen dute formakuntza zikloetako matrikulazio datuek. Euskadin, zehazki, Lanbide Heziketako matrikulazioan izan den hazkundea etengabea izan da azken urteetan. Horrela, aipatu matrikulazioak ikasturte honetan, eta aurreko ikasturtearekin alderatuta, % 1,85ko igoera izan du. Une honetan, EAEko ikasgeletan 43.140 ikasle daude Lanbide Heziketa ikasten. 

Arrakala sozio-ekonomikoa

2018ko PISA Txostenak azaltzen duenez, orokorrean, “abantaila sozioekonomiko gehiago dituzten ikasleek PISAn jarduera hobea izaten dute desabantailak dituzten ikasleekin alderatuta”. Arrakala hori gazteen itxaropen profesionaletan ere islatzen da.

“Nerabeen lan-itxaropenak eta lanaren etorkizuna” txostenean zehazten denez, jatorri soziekonomiko ezberdina duten errendimendu bereko bi ikaslek itxaropen ezberdinak izango dituzte. Estatuan, errendimendu akademiko altua duten ikasle behartsuen % 12k soilik du profesional edo zuzendari garrantzitsu bilakatzeko itxaropena. Ingurune aberatsetan jatorria duten ikasleen kasuan, kopuru hori % 21eraino hazten da. Estatuan ez ezik, hori aztertu diren herrialde guztietan ematen den konstantea da. ELGE osatzen duten herrialdeetan bizi diren errendimendu altuko gazte behartsuen % 18k du manager izateko itxaropena; ingurune aberatsetako gazteen kasuan, aldiz, % 32k.

ELGEK azaltzen duenez, faktore sozioekonomiko horiek era askotakoak izan daitezke: ikastetxeetan eta ikasgeletan den segregazioa, gurasoen hezkuntza-maila, etxeetan den liburu kopurua, teknologia berrietarako sarbidea etxeetan eta eskolaz kanpo laguntza izateko aukera izatea. 

Horrek guztiak badu eragina lanaren etorkizunean eta automatizaziorako arriskuan. Izan ere, ikasle behartsuek automatizazio arrisku handiagoa  dute (% 41). Ingurune aberatsetan bizi diren gazteen kasuan, arrisku hori lau puntu baxuagoa da (% 37).

Bokazio teknologikoen eskasia

Europako Batzordeak ohartarazi duenez, datozen urteetan, hainbat lanpostu bete gabe geratuko dira  profil teknologikoen falta dela eta. Aldi berean, ELGEk azaltzen duenez, automatizazio arrisku gutxien duten lanbideak STEAM karrerekin (Science, Technology, Engineering, Arts & Maths) harremana duten horiek izango dira. Hala ere, gazteek ez dute ikasketa horien aldeko apustu garbia egiten.

Pasa den abenduan, Espainiar Unibertsitateetako Errektoreen Batzarrak (CRUE)La contribución socioeconómica del sistema universitario español” izeneko txostena argitaratu zuen. Bertan azaltzen denez, STEAM karreretan izena eman duten ikasleen kopurua % 30ean jaitsi da 2000. urteaz geroztik. Horrela, aipatu karrera horiek ikasten ari diren ikasleen ehunekoa % 24koa besterik ez da: % 18,4k ingeniaritza ikasketak burutzen ditu eta % 6k zientzia karreretan eman du izena. Europako herrialdeetan, batez beste, % 21 eta % 8 dira, hurrenez hurren.

Europar Batasunean zientzia sozial eta juridikoen ikasketek pisua galdu duten bitartean, ingeniaritza eta arkitektura bezalako ikasketek gero eta ikasle gehiago dituzte. Ostera, Estatuan,  gero eta gutxiago dira ingeniaritza ikasketetara jotzen duten ikasleak eta gero eta gehiago arte eta humanitate ikasketetara jotzen dutenak.

CRUEren txostenean azaltzen denez, “ingeniari, matematikari, fisikari eta kimikari nahikorik gabe, Iraultza 4.0tik kanpo geratuko gara, gure historiaren beste garai batzuetan gertatu zitzaigun bezala eta, ondorioz, teknologikoki menpeko izango gara”.

Txostena Instituto Valenciano de Investigaciones Económicasek (Ivie) burutu du eta, horren baitan, “titulazio horiek giltzarritzat jotzen dira digitalizazioan oinarritutako jarduera ekonomikoen garapena ez dadin gelditu kualifikazio horiek dituzten langileen eskasiagatik”. 

Euskadi ez da salbuespen bat. Eustaten datuen arabera, 2017/18 ikasturtean euskal unibertsitateren batean gradu ikasketetan izena eman zuten 56.558 ikasletatik erdia honako gradu hauetako batean matrikulatu da: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (5.680), Lehen Hezkuntza (3.927), Zuzenbidea (3.569), Psikologia (2.740), Ingeniaritza Mekanikoa (2.209), Haur Hezkuntza (2.120), Medikuntza (1.802), Erizaintza (1.524), Gizarte-hezkuntza (1.475), Industria Teknologiaren Ingeniaritza (1.431), Gizarte Langintza (1.315) eta Industria Elektronikaren eta Automatikoaren Ingeniaritza (1.198).

Desorekatze horren arrazoia izan daiteke diziplina zientifiko eta teknologikoek esfortzu handia eskatzen dutela, eta Espainiako lan-merkatuak ez duela esfortzu hori soldata handiagoekin konpentsatzen.

CRUEren txostenean azpimarratzen denez, emakumeek STEAM titulazioekiko joera txikiagoa dute. 

Hezkuntza-maila guztietan zientzia eta teknologia sustatzeko Eusko Jaurlaritzak STEAMgunea izeneko ataria jarri du martxan. Bertan, irakaskuntzan aritzen diren profesionalek STEAM konpetentziak garatzeko baliabideak aurki ditzakete. 

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.