Nafarroako 14 eta 30 urte bitarteko 87.413 gaztek dute Gazte Txartela

Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) Gazte Txartela programarako Nafarroako Rural Kutxarekin eta Caixabankekin zuen lankidetza hitzarmena berritu du. Une honetan, Nafarroako 14 eta 30 urte bitarteko 87.413 gaztek dute gazte txartela eta horri esker, deskontuak eta prezio bereziak lor ditzakete bidaietan, ostatuetan, museoetan, kontzertuetan eta zinema-aretoetan. Gainera, Gazte txartelarekin batera, titularrek Red Española de Albergues Juveniles (REAJ) erakundeak eskaintzen dituen aukeraz ere baliatu ahal izango dira. Aipatu erakundeak, Hosteling Internationalen bidez, 4.000 aterpetxe baino gehiago kudeatzen ditu munduko 90 herrialdetan.

Hitzarmenaren aurkezpen-ekitaldian azaldu denez, aurten ere Golem zinema-aretoekin zen lankidetza mantenduko da. Horri esker, eta “Zinema gaztearen Jaia” izeneko egitasmoaren barruan, gazteek zinemara joateko aukera izango dute 2,90 euroren truke. Gainera, “Baluarte Gaztea” egitasmoari esker, Gazte txartela duten gazteek % 70eko deskontuak lor ditzakete.

Berritu den hitzarmenaren baitan, finantza entitate bakoitzak 83.664 euro jarriko ditu programa garatzeko, eta Nafarroako Gazteriaren Institutuak, programa kudeatzeaz arduratzen den erakundeak, 41.000 euro erabiliko ditu horretarako. Aurten, Gazte Txartela programaren aurrekontua 208.328 eurokoa izango da.

2019ko jarduerak

Pasa den urtean, zinemarekin, antzerkiarekin eta musikarekin harremana zuten 152 jarduera burutu ziren eta, horietan guztietan, Gazte Txartela duten 10.000 gazte baino gehiagok parte hartu zuten. Gainera, hainbat ikastaro, tailer eta aisialdi jarduera burutu ziren. Horietan, 2.800 gazte inguruk parte hartu zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.