Estatuko nerabeen % 40k online sexu-jazarpena jasan du

Estatuko neska adingabeen kopuru oso altu batek online sexu-jazarpena jasan behar izan du bikote harremanetik kanpo. Mutilen kasuan, horrelako jazarpena jasan dutenen kopurua txikiagoa bada ere, esanguratsutzat jo daiteke. Hori da, hain zuzen ere, Complutense Unibertsitateko Psikologia Prebentiboko Unitateak Espainiako Berdintasun Ministeriorako prestatu duen ‘Adingabeak eta genero-indarkeria’ txostenean jasotzen dena. Ikerketaren xedea beren amen kontrako jarrera biolentoak bizi izan dituzten adingabeen errealitatea ezagutzea da.

Azterlanerako 14 eta 18 urte bitarteko ia 10.500 ikasle elkarrizketatu dira. Nesken artean, ia % 50ak adierazi du Internet bidez izaera sexuala duten irudiak jaso dituela. Nesken % 43k berriz, horrelako irudiak eskatu dizkiotela azaldu du eta heren batek baino gehiagok adierazi du jazarpena idatzizko mezuen bidez pairatu duela. Zibersexuari dagokionez, nerabeen bosten batek (% 22,7) horretarako eskaerak jaso dituela azaldu du. Bikote barruko harremanetan, nesken % 17k isekak jaso edo irrigarri utzi dutela adierazi du.

Txostenaren arabera, neskek sentsibilitate handiagoa dute amen aurkako genero-indarkeria antzemateko. Gainera,  horrelako egoerak bizi izanak, emakumearen aurkako beste indarkeria mota batzuk bizitzeko arriskua areagotzen du.

Mutilen kasuan, kopuruak txikiagoak dira, baina egileen ustez, oso kopuru esanguratsuak dira. Horrela, mutilen % 37,9k izaera sexuala duten irudiak jaso ditu; % 25,4ri horrelako irudiak eskatu dizkiote; % 22ri mezuak bidali dizkiote; eta, % 17,2ri zibersexurako eskaerak egin dizkiote.

Amen aurkako genero-indarkeria egoerei dagokienez, inkestatutakoen % 24,7k horien berri izan du noizbait, batez ere indarkeria psikologikoari dagozkion kasuak, eta % 19,3k behin baino gehiagotan. Horietatik % 77k zuzenean jasan du bere amari tratu txarra eman dion pertsonaren aldetik bortizkeriaren bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.