Pornoari buruz hitz egin behar dugu

Sekula ez da berandu familian sexualitateaz hitz egiteko eta, normalean, zaila egiten zaigula dakigunez, Save the Children-enetik prozesu hori erraztu nahi dugu, familian komunikazioa hobetzeko baliozko gako batzuk emanez. Gure “Sexu-(des)informazioa: pornografia eta nerabezaroa” txostenari esker badakigu nerabe gehienek (10etatik 7k Euskadin) pornografia kontsumitzen dutela eta zenbait kasutan, maiztasun handiz. Horrez gain, nerabeen % 64,3k informazio falta sumatzen du arlo sexual eta afektiboan.

Gauzak horrela, txostena argitaratzearekin batera, eskura jarri dugu gida bat; sexualitateari buruz irakasteko eta hitz egiten ikasteko balio duen gida. “Pornoari buruz hitz egin behar dugu” izenarekin kaleratu dugu. Gure helburua ez da pornografiaren inguruko eztabaidak konpontzea, familiek eta nerabeek ikuspegi kritikoa garatu dezaten gure aletxoa jartzea baizik.

Nerabeen gaur egungo munduari erreparatu diogu eta nabarmen ageri da gazteen sexu-garapena baldintzatzen duten hainbat faktore daudela, hala nola, teknologia berrien aurrerapena, hezkuntzako curriculumean sexu heziketarik eza, desberdintasun sozialak eta genero indarkeria, batzuk aipatzearren.

Azken puntu honek asko kezkatzen gaitu, desberdintasuna eta bortxazko harremanak ekiditeko. Hamar nerabetatik zortzik uste dute pornografia indarkeriaren adierazlea dela eta ia % 60k onartzen du pornoan gizon eta emakumeen artean ez dela harreman-oreka edo berdintasunik gertatzen. Dena den, hirutik batek nahiago ditu botere-hierarkia horiek. Gainera, ikusten dutena imitatzen ahalegintzen direnean, harreman hori aldez aurretik adosteari ez zaio garrantzirik ematen, eta ez da egiten, ondorioz. Euskadin, 10etik ia batek berariaz bikotekidearen baimena izan gabe izaten ditu sexu-harremanak, nahiz eta beste %4,3ri ez zaion ondo iruditzen. 

Neska eta mutilekin pornoari buruz hitz egin behar dugu, eta oraintxe bertan hain zuzen. Baina, nola egin? Gidak, adibidez, egoerara lasai nola heldu jakiteko argibideak ematen dizkigu eta elkarrizketa pizteko Sex education edo Big Mouth bezalako telesailak proposatzen ditu. Horrela nerabeen jakin-mina asebete dezakegu, guraso eta seme-alaben artean edozein gairi buruz hitz egin dezakegula argi eta garbi utziz.

Horrez gain, herritartasun digitalean hezi beharko lirateke neska-mutilak eta familiak, nerabeek beren bizitzako zeregin guztietan baliatuko baitute teknologia. Hezkuntza afektiboa eta sexuala eta Interneten erabilera segurua eta arduratsua modu egokian sustatzen ez badira, arrisku-egoerak eta jokabideak areagotu egiten dira. Jasotzen duten informazioa, ikusten dutena eta partekatzen dutena jarrera kritikoaz kudeatzen jakitea ezinbesteko trebetasuna da, eta bizitza osoan izango dute bidelagun. 

Gainera, Save the Children administrazioaren eta Interneteko plataformen arteko lankidetza eskatzen ari da, eduki pornografikorako sarbidea arautzeko mekanismoak ezar ditzaten, hala, adingabeek pornografia eskuratzeko aukerarik ez dutela ziurtatzeko. Bitartean, gurasoentzako gida honetan seme-alaben sexualitatea nola jorratu azaltzen zaien 9 eta 11, 12 eta 16 urte bitartekoekin eta 16 urtetik gorakoentzako informazio eta aholkuekin. Heziketa da bidea, gu guztiontzat.

Marta García Terán.
Save the Childreneko Komunikazio Arduraduna

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.