Aniztasunera zabalik

Aniztasun sexuala, politikoa, etnikoa, erlijiosoa, ekonomikoa… Euskal Autonomia Erkidegoko herri eta hiriak gero eta irekiagoak dira eta aniztasun gero eta handiagoa dute ezaugarri. Baina aniztasun horrek, zenbait kasutan, gaitzespen- eta diskriminazio-jarrerak eragiten ditu. Gizarte garaikideek horiei aurre egiten jakin behar dute elkarbizitza hobetzeko.

Giza eskubideen eta berdintasunaren aldeko borrokan aurrerapenak izan diren arren, diskriminazioa egun den edozein gizarteren errealitatean azaltzen da, europarra eta euskal herrikoa barne.

Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiak, Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren laguntzarekin, prestatu duen ‘Diskriminazioa eta aniztasuna EAEn: ikuspegiak, esparruak eta kolektiboak’ txostenaren arabera, euskal gizarteak bere burua irekitzat eta tolerantetzat jotzen du. Txostenak, gainera, ‘Euskadiko biztanleek diskriminazioaren inguruan dituzten pertzepzioei eta jarrerei buruzko inkesta 2020’ (EPADE 2020) inkestan jasotako ikuspegi eta jarreren inguruko balorazio soziologiko bat egiten du.

BOPI eskalan (Basque Open-mindness Index) 100 puntutatik euskal gizarteak 72,7 puntu lortu ditu. Puntu kopuru hori jarrera ‘ireki’ eta ‘integratzaileen’ seinale da, baina datuek badute beste irakurketa ezkorrago bat.

Izan ere, puntu kopuru altua izan arren, gizarte-aniztasunaren osotasunarekiko gizarte ireki, integratzaile eta tolerante baten mailakoa, oraindik ere bada hobetzeko tartea.



Txostenean jasotzen denez, biztanleriaren % 24,4k diskriminazioa pairatu izan duela adierazi du. Kasu zehatzetara jotzen bada, emakumeek euren ibilbide profesionalean mugak dituztela aipatzen dute; magrebtarrek etxebizitza alokatzeko oztopo handiak salatzen dituzte; eta, hainbat esparrutan, adina edo pisua baldintzatzaile handiak dira. Noski, emakumea, lesbiana eta atzerritarra izatea bezalako arrisku-faktoreen baturak arazoak izateko aukera areagotzen du.



Oro har, Ikuspegiren txostenaren arabera, euskal gizarteak diskriminazioaren presentzia txikiagoa du, hautemandakoa nahiz bizitakoa, eta, aldi berean, aniztasunarekiko jarrera irekiagoa du. Hala ere, euskal herritarron pertzepzioen eta jarreren inguruko ikerketa honek hain toleranteak ez diren zenbait jarrera ere badirela uzten du agerian; bereziki, bi kolektibori dagokienez: ijitoak eta atzerritar jatorria duten pertsonak. Bi talde horiek lirateke, adibidez, bizitokia lortzeko arazo gehien izango lituzketenak.

Ikerketak agerian uzten duenez, diskriminazioa hainbat faktoreren konbinaziotik aztertu behar da, horiek batzen direnean, zenbait kolektiboren zaurgarritasuna larriagotu egiten baita: sexua/generoa, adina eta nazionalitatea; eta, noski, baliabide ekonomikoak eta/edo gaur egun indarrean diren estandarretara egokitzen ez den itxura fisikoa ahaztu gabe.

Bizitegi-diskriminazioa

Etxebizitza, elikadurarekin eta arroparekin batera, giza garapenerako oinarrizko eta ezinbesteko elementu bat da. Gainera, integrazio sozialaren prozesuan oso funtzio garrantzitsua betetzen du. Izan ere, etxebizitzak aukera ematen digu gizakioi gure behar pertsonalak, sozialak eta biologikoak asetzeko. 

Jakina den bezala, gure artean etxebizitza oso garestia da eta, ondorioz, ez da erraza etxebizitza bat lortzea. Izan ere, Euskadik Estatuko batez besteko preziorik altuena du metro koadro bakoitzeko (2.424,4 euro/m2), soilik Madrilen atzetik (2.671,7 euro) eta Estatuko batezbestekoa (1.652,8 euro) baino askoz garestiago.

Zentzu horretan euskal agertokia ez da erraza eta jabetzan den etxebizitzak protagonismo handiegia du. Ondorioz, alokairurako merkatua murritza da. Normalean, prezio kontuengatik, baliabide gutxien dituzten horiek, adibidez, gazteak edo atzerritarrak, merkatu horretara jo beharko lukete. 

Bizitegi-diskriminazioa da, alde handiarekin, "hautemandakoena, segur aski, zenbait taldek modu nabarmenean pairatzen dutelako eta higiezinen merkatu basati batean kokatuta daudelako, non etxebizitza nekez hartzen den eskubidetzat" azaltzen du txostenak.

Horregatik, ez da harritzekoa euskal biztanleen % 82,2k uste izatea ez dagoela aukera bera alokairuko etxebizitza eskuratzeko. Eta ikerketaren arabera, gazteria da kalteturiko talde nagusia.

Euskal herritarrek balio kulturalak  ere garrantzitsutzat jotzen dituzte alokairuko etxebizitza eskuratzeko orduan. Zehazki, % 46k uste du ijitoa izatea diskriminatzen duen ezaugarria izan daitekeela, eta, aldi berean, % 44,6k uste du atzerritarra izateak ere diskriminazioa eragin dezakeela etxebizitzen alokairuan.

Halaber, neurri txikiagoan bada ere, euskal biztanleriaren % 21,2k onartzen du katolikoa ez den beste erlijio batekoa izateak tratu desberdina ekar dezakeela etxebizitzaren arloan. 

Lan-merkatua

Lan-merkatuari dagokionez, atal horretan, diskriminazioa bestelako talde batzuetan oinarritzen da; kasu horretan, nagusiki, emakumeetan. "Gizon eta emakumeen arteko lan desparekotasuna agerikoa da euskal gizartearentzat, bereziki, ardura duten postuetara iristeko orduan" dio Ikuspegiren txostenak. 

Euskal biztanleriaren % 78,1ek onartzen du pertsona guztiek ez dituztela aukera berberak lanpostu bat lortzeko. % 77,6k argi ikusten du desparekotasun handia dagoela erantzukizuna duten postuetara iristeko aukeretan. Desparekotasun hori neurri handiago batean hautematen da emakumeen eta atzerritar jatorriko pertsonen eta ijitoen kasuan.

Euskaldunon ustez, ijitoa izatea, atzerritarra izatea, prestakuntza gutxi izatea eta emakume izatea dira pertsona bati lanpostu bat eskuratzeko orduan kalte gehien egin diezaioketen ezaugarriak. Gutxien eragiten dieten berezitasunen artean, berriz, honako hauek daude: heterosexuala izatea , gizona izatea, langabea izatea eta auzo degradatu, pobre edo estigmatizatu batean bizitzea.

Diskriminazio sexista

Sexismoa, arrazismoa, klasismoa, kapazitismoa eta adinkeria bezala, banatzeko, desberdintzeko eta diskriminatzeko modu bat da. Gainera, ia kasu guztietan, pribilegioak ematen dizkie gizonei, eta maskulinoa denari, emakumeen eta femeninoa denaren gainetik.

Alde horretatik, nabarmentzekoa da, euskal emakumeen artean, inkestatutako hiru emakumetik ia batek (% 32,2) uste duela Euskadin ematen den sexu-diskriminazioa nahiko edo oso ohikoa dela. Gehienen ustez (% 65,8), aldiz, ez da oso ohikoa edo ez da batere ohikoa. Datuen arabera, ez dirudi emakume gehienek sexismoa arazo larritzat hartzen dutenik.

Horrek kontrastea eragiten du EAEn emakumeen eta gizonen artean den desparekotasunarekin, hori agerian uzten baitute, esate baterako, egoera ekonomikoari dagokionez dagoen genero-arrakalak (errenta pertsonala, lan-kontratu mota, pentsioen kobraketa…) edo denboraren erabilerak. Ezin ahaztu, noski, emakumeen kontrako indarkeriaren intzidentzia.

Hala eta guztiz ere, eta gizonekin alderatuta, agerian da emakumeek diskriminazio sexistaren pertzepzio handiagoa azaltzen dutela. Horretan, asko laguntzen du kristalezko sabaiari buruz den pertzepzio sozialak. Izan ere, inkestari erantzun dioten emakumeen % 42,5ek uste du emakume izatea kaltegarria dela lanpostu bat lortzeko prozesuan, eta erdiak baino gehiagok (% 55,5) uste du emakume izatea kaltegarria dela erantzukizuneko postu bat eskuratzerakoan. Gainerako esparruetan, berriz, diskriminazio sexistaren pertzepzioak askoz ere puntuazio baxuagoak lortu ditu, kontuan ez hartzeko modukoak ia.

Emakume gazteenen artean ehuneko handiagoak hautematen du diskriminazio sexista EAEn. Zentzu horretan, bereziki azpimarragarria da emakume izatea erantzukizuneko postu baterako aukeratua izatean diskriminazio-arrazoia dela uste duten 18 eta 29 urte bitarteko emakume gazteen kopurua. 

Azterketaren ondorioetako bat da diskriminazioak, oro har, gehiago eragiten diela emakumeei gizonei baino. Horrela, lagin osoan gizonen % 19,6k aipatzen du diskriminazioa jasan izan duela. Emakumeen kasuan, berriz, kopuru hori ia puntu handiagoa da (% 28,9).

[Irakurri Julia Shershnevarekin batera 'Diskriminazioa eta aniztasuna EAEn: ikuspegiak, esparruak eta kolektiboak' ikerketa burutu duen Iraide Fernándezi egin diogun elkarrizketa]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.