Iraide Fernández: “Elkarbizitzarako espazio komunak eta anitzak sortu behar ditugu”

‘Diskriminazioa eta aniztasuna EAEn: ikuspegiak, esparruak eta kolektiboak’  ikerketan euskal gizartea irekia, tolerantea eta inklusiboa dela azaltzen duzue. Hala ere, badira hobetu beharreko zenbait puntu. Zeintzuk lirateke hobetu beharreko puntu horiek? 

Ikerketak informazio asko du eta pista asko ematen dizkigu. Izan ere, euskaldunok aniztasunera irekitako gizartea garela ikusten dugu, baina ez dibertsitate guztietara modu berean. Badirudi diskriminazio batzuk ezagutzen ditugula eta beste batzuk ez. Adibidez, biztanleek oso argi ikusten dute atzerritarrak eta ijitoak diskriminatuta daudela etxebizitzan, baina ez dute uste gazteak diskriminatuta daudenik. Euskal herritarrek uste dute emakumeak eta atzerritarrak diskriminatuta daudela enpleguan, baina ez dute ikusten LGTBI pertsonak ere diskriminatuta daudenik. Orokorrean, badirudi gizarteak ez dakiela oraindik ere emakumeak eta LGTBI pertsonak diskriminatuta daudela. Horrek adierazten digu begia entrenatzeko eta diskriminazio mota hori ikusteko lan egin behar dugula. Sentsibilizazio-kanpainekin jarraitu behar dugu!

Amaitzeko, % 24k diote bizitzan zehar diskriminatuta sentitu direla, eta, beraz, badira hobetu beharreko gauzak. Gainera, diskriminatuak izan direla dioten pertsonez gain, % 5ek bakarrik erabaki dute salaketa jartzea. Argi dago hemen lana dagoela egiteko. Pertsonak ez dira erakundeez fidatzen (polizia, epaitegiak, etabar). Ez dute uste salaketa jartzen badute laguntzarik jasoko dutenik. Gainera, naturalizatu egin da diskriminazioa (mikromatxismoa edo mikroarrazismoa, adibidez), normala dela uste dugu. Biztanleekin lan egin behar dugu gai horiek konpontzeko.

Estatuko beste autonomia erkidegoekin eta Europar Batasunarekin alderatuta zein litzateke euskal gizartearen tolerantzia maila? 

Euskadin diskriminazioari buruz egiten den lehen inkesta bada ere, Europan eta Estatuan hainbat ikerketa egin dira. Emaitzek erakusten dutenez, oro har, Euskadin diskriminazioaren presentzia txikiagoa da, bai hautemandakoa, bai bizitakoa, eta, aldi berean, aniztasunarekiko irekitasun handiagoa. Horrek ez du esan nahi hobetzen jarraitu behar ez dugunik, noski.

Burutu duzuen ikerketaren arabera, zeintzuk lirateke gazteen diskriminaziorako arrazoi nagusiak? Lana? Etxebizitza? Zein esparrutan egin beharko litzateke lan gazteek pairatzen duten diskriminazioa gutxitzeko?

Edadismoa, edo adinagatiko diskriminazioa, errealitate bat da gaur egun. Izan ere, inkestan ikusten dugu euskaldunen % 6,5 diskriminatuta sentitu dela beren adinagatik. Argi dago gazteek diskriminazioari aurre egin behar diotela, batez ere, bi eremutan: lan-arloan eta etxebizitzan. 

Lanean, gaztea izatea arazo bat izan daiteke lanpostu bat lortzeko, esperientzia faltagatik. Are gehiago, baliteke lan-kontratuak baldintza okerragoak izatea. Etxebizitza oso lotuta dago lan-arloarekin. Nola lortzen da alokairu-kontratu bat lan-kontraturik gabe? Eta hipoteka bat? 

Erakundeek beren estrategiak indartu behar dituzte, horrelako diskriminaziorik gerta ez dadin. Adibidez, etxebizitzaren arloan, Gaztelagun bezalako programak bultzatuz. Halaber, etxebizitza eskubide bat dela ziurtatuz, eta ez soilik produktu bat, etxebizitza publiko eskuragarriaren bidez.

Aniztasunarekiko irekiera indizeak kale egiten du auzokideekiko egunerokotasunean, non jarrera intoleranteagoak eta kultura-aniztasuna onartzeko erresistentzia gehiago azaltzen diren. Horrek esan nahi al du ingurune anitzagoetan bizi denean tolerantzia-maila baxuagoa izan ohi dela? Eta horrela bada, zein litzateke horretarako arrazoia?

Euskal herritarrei galdetzean norekin bizi nahi duten, konturatu ginen euskaldunen jarrera okerragoa dela ijitoekiko eta atzerritarrekiko. Halaber, % 10 deseroso sentituko litzateke LGTBI pertsonekin bizitzen. Garrantzitsua da pertsonen lagunak eta sareak ere aztertzea; azterketa horrek dioenez, “zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta gehiago maite dugu elkar”. Adibidez, biztanleriaren % 38k soilik ditu ijito ezagunak, beraz, ez daude topaketa gunerik. Horregatik, ijitoekiko jarrera okerragoa da. Elkarbizitzarako espazio komunak eta anitzak sortu behar ditugu. Horrela bakarrik hobetuko ditugu jarrerak.

Ba al da diskriminatuago sentitu dela dioen kolektiboren bat?

Noski, kolektibo batzuk nabarmentzen dira. Adibidez, biztanleriaren % 10 sexuaren arabera diskriminatuta sentitu da, zehazki, emakumeen % 18. Niri galdetzen badidazu, nire ustez, eguneroko diskriminazioa ikusten jakingo bagenu, emakumeen % 100ek esango luke noizbait diskriminatuta sentitu dela. Hori da arazoa, ez dakigula ikusten.

Bigarrenik, adina da nabarmentzen den beste kolektiboetako bat, biztanleriaren % 6,5 diskriminatuta sentitu da adinagatik, azaldu dudan bezala. Jatorria, nazionalitatea edo etnia ere dezente aipatzen dira. Badakigu gure gizartean arrazakeria dagoela oraindik, eta, beraz, logikoa da horiek agertzea.

Gero, beste arrazoi batzuk ditugu pertsonak diskriminatuak sentitzeko: baliabide ekonomiko gutxi izatea, dibertsitate funtzionala, dibertsitate sexuala… Lodifobiarekin lotutako jokabideak ere aurkitzen ditugu. Zehazki, biztanleen % 2,6 diskriminatuta sentitu dira lodi egoteagatik. Edertasun-kanon iritsezinak ditugu, bereziki krudelak emakumeekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.