Carlos Mazón: “Auzo eta udalerri mugakideak lotuko dituen gutxieneko sare bat lortzea dugu helburu”

Pasa den urtean, konfinamendua izan zen hilabeteetan, bizikletaren erabilerak gora egin zuen mugikortasunerako bitarteko gisa. Joera hori mantenduko dela uste al duzu? Egoerak onera bueltatzen denean  erabilera horrek behera egingo duela uste duzu?

Ehuneko handi bat geratuko da, baina ez guztiak. Hala ere, bizikletaren erabilerak gora egiten jarraitzen du eta, zenbait hilabetetan joera hori geldituko dela dirudien arren, bizikletaz egiten den mugikortasunak gora egiten jarraituko duela dirudi.

Gure hirietan gero eta bidegorri gehiago daude, baina jende askok bere joan-etorri laburretarako garraio pribatua erabiltzen jarraitzen du. Mugikortasun jasangarriaren arloan hezkuntza falta dela uste al duzu? 

Bide-hezkuntza eta kontzientzia kolektiboa falta dira, bai eta autoa erabiltzeko neurri murriztaileak ere. Kontuan hartu behar dugu  autoaren erabilera pandemiaren aurreko zifretara itzuli dela, nahiz eta jarduera ez dagoen % 100ean berreskuratuta. Garraio publikoaren erabilerak, berriz, behera egin du eta parke mugikorra, ostera, handitu da.

Bizikleta bidezko mugikortasuna errazten duten irtenbide egokiak daudela uste al duzu? Adibidez, aparkaleku nahiko edo bizikletak garraio publikora igotzeko erraztasunak? 

Zalantzarik gabe, hezkuntzaz aparte, aparkaleku seguruak izatea ezinbestekoa da. Orain, aparkalekuei buruzko ordenantza berri batekin, lurpeko aparkalekuetan bizikletentzako plazen % 20 jartzea espero dugu (Bartzelonako ordenantzak egiten duen moduan). Horrela, bizilagunek “garajean” utzi ahal izango dituzte bizikletak, autoak uzten dituzten bezala. Neurri horrek bizikleta elektrikoa sustatzen lagunduko luke, ohiko bizikletak baino garestiagoak eta pisutsuagoak direnak. Bestalde, intermodalitateari dagokionez, bizikleta garraiobide publikoetan sartzeko aukera izatea baino garrantzitsuagoa izango litzateke aparkaleku seguruak, estaliak eta babestuak izatea nodo nagusietan (metro, tren eta autobus geltokiak) eta baita jarduera zentro nagusietan (unibertsitateak, negozio-zentroak, enpresa-parkeak, etab).

Oinezko eta bizikletazaleen arteko elkarbizitza, eta orain are gehiago patin elektrikoekin, ez da beti erraza izaten. Sarritan ez dago garbi zer den bidegorri bat, zer den bizikleta-bidexka bat edo bizikletarekin edo patinetearekin espaloitik joan ahal den ala ez. Istripuak saihesteko eta elkarbizitza hori hobetzeko dibulgazio-neurriak beharrezkoak direla uste al duzu?

Bai, noski. Eta mugikortasunerako ordenantza argi bat. Zalantzak daude espazio publikoen banaketaren inguruan eta, zoritxarrez, oinezkoak dira kaltetuenak.

Mugikortasun Pertsonalerako Ibilgailuak bat-batean sartu dira hirietan horretarako araudi bat pentsatu aurretik eta erronka bat da arazo horri irtenbide egoki bat ematea. Garraiobide eraginkor bat da eta hirian ondo integratzen dena, motorrak eta autoak baino askoz hobe. Gainera intermodalitaterako aukera ematen dute eta kostua ez da oso altua. Hala ere, azaldu dudan bezala, erronkak sortzen dituzte segurtasunaren esparruan. Hortaz, beste erabiltzaileekiko errespetua istripuak ekiditeko neurririk egokiena da.

Azken urteetan bidegorrien sarea nabarmen zabaldu da. Nahikoa al da? Ordezkatzen duzun elkartean seguruenik sare zabalagoa lortu nahiko duzue…  

Auzo eta udalerri mugakideak lotuko dituen gutxieneko sare bat lortzea dugu helburu. Ez dugu eskatzen kale bakoitzean bidegorri bat izatea, baina bai dauden horiek elkarren artean konektatuta egotea, hots, jarraipen bat egotea eta mugikortasunerako eraginkorrak izatea.

Gaur egun diren bidegorri asko, hasieratik, aisialdirako diseinatu ziren, eta ez zen konponbiderik eman galtzadarekin integratzeko edo beste udalerri batzuekin lotzeko. Ondorioz, askok ez dute erabilera handirik. Orain, bidegorriak elkarren artean konektatzen hasi dira eta bizikletaren erabilera hazi denez, horien erabilera biderkatu da, horietako batzuk jada eskas geratu direlarik.

Zein da  zure lurraldean den bidegorri-sarearen inguruan duzun iritzia? Beste lurraldeetako ereduak jarraitu ahal dira hobetzeko?

Lurralde bakoitzean den koiuntura guztiz ezberdina da, bai orografiari dagokionez, bai banaketa demografikoari dagokionez. Hortaz, zaila da  lurralde batean arrakasta izan duen eredu bat beste batean errepikatzea.

Oro har, udalerri ezberdinak lotzen dituen bidegorri-sare bat falta da. Udalerrien barruan ere bidegorrien sareak jarraitua izan beharko luke, auzoak eta mugikortasun nodo nagusiak (unibertsitateak, geltokiak, enpresak, parke teknologikoak…) lotuz. Hortik abiatuta, hainbat hobekuntza egin daitezke: zabalera egokia izatea, malda handirik ez izatea, seinaleztapen egokia izatea, gurutzebide arriskutsuak ekiditea, biribilguneak… azken finean eraginkorrak eta seguruak izatea.

Bizkaiko Lurraldeko Bizikleta-bideen Plan Sektorialaren proposamenaren alderdirik positiboena 400 kilometroko bidegorri-sarea da. Asmo handiko neurria da eta gauzatu ez diren plan zaharrekin gainjartzen da. 2003-2019ko planaren kasuan, adibidez, % 35 baino ez da bete. Espero dezagun oraingoan gauza bera ez gertatzea eta pixkanaka bada ere ea plan horiek gauzatzen diren eta udalerrien arteko lotura lortzen den.

Bestalde, Gobernu Zentraletik eta Europatik aurrekontu-partida garrantzitsuak iristen ari dira interes estrategiko edo kulturaleko zenbait bidegorri zehazki garatzeko, bai eta Europako funtsen laguntzak ere, bizikleta protagonista nagusi den mugikortasun jasangarria bultzatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.