Durangoko Azokak 220 erakusmahai presentzial izango ditu
Durangoko Azokaren 56. edizioko kartelaren egilea Leire Urbeltz iruindarra da. Sortzaile iruindarrak "Desipuindegia" izeneko lana sortu du eta bertan Azokaren lehen edizioak gogora ekarri nahi izan ditu, egungo egoerara egokituz, lan koloretsu batean.

Durangoko Azokaren LVI. edizioa abenduaren 3tik 8ra egingo da, “baDA!” lelopean, eta erakusmahai presentzialak eta online denda izango ditu. Abenduaren 4tik 8ra bitartean bisitariek 220 stand baino gehiago bisitatzeko aukera izango dute Landako pabiloian eta, aldi berean, online denda zabalik izango da abenduaren 3tik 7ra bitartean www.durangokoazoka.eus webgunean. Aurten, beraz, azoka modu presentzialean eta digitalean egingo da.

Aurtengo edizioaren aurkezpen-ekitaldian Gerediaga Elkarteko presidente Nerea Mujikak azaldu duenez, “itzuliko dira erakusmahaiak, itzuliko dira korridoreak, itzuliko dira Ahotsenea, Irudienea, Kabi@, Saguganbara eta Szenatokia, eta itzuliko dira sortzaileak, argitaletxeak, diskoetxeak, zein autoekoizleak; eta itzuliko dira, nola ez, kulturzaleak”.

Buelta ohiko formatura

Osasun-egoerak hobera egin duenez, aurtengo edizioan, iazkoan ez bezala, erakusmahai presentzialak izango dira Landakon. Guztira 220 erakusmahai izango dira, 152 parte-hartzailerekin. Antolatzaileek aurreratu dutenez, oraindik ez dago zehaztuta zein izango den edukiera, ez eta pabiloian sartzeko beharrezkoak izango diren osasun neurriak ere.

Erakusmahai presentzialez gain, Azokaren aurtengo edizioak bigarren urtez jarraian online denda izango du bere webgunean. Bertan, Landakon salgai izango diren nobedade guztiak aurkitu ahal izango dira: liburuak, diskoak, ikus-entzunezkoak, komikiak, ipuinak… “Iazko esperientziari jarraipena emanez, norberaren etxetik Azokaz gozatzeko aukera ere izango da, eta Azokako produktuak online dendan eskuragarri egongo dira”. Online dendaz gain, Areto Nagusian eta Ahotsenean egiten diren ekitaldi guztiak ere streaming bidez ikusi ahal izango dira www.durangokoazoka.eus webgunean.

Programazioari dagokionez, Azokak zuzeneko hainbat ekitaldi izango ditu, hala nola, kontzertuak, aurkezpenak, arte eszeneikoak… Horiek guztiak abenduaren 4tik 8ra bitartean izango dira gune ezberdinetan. Urriaren 8an ireki zen Azokako guneetara proposamenak bidaltzeko epea.

Kartela

Durangoko Azokaren 56. edizioko kartelaren egilea Leire Urbeltz iruindarra da. Sortzaile iruindarrak “Desipuindegia” izeneko lana sortu du eta bertan Azokaren lehen edizioak gogora ekarri nahi izan ditu, egungo egoerara egokituz, lan koloretsu batean.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.