123 film izango dira ikusgai Zinebin, 45 Euskal Herrian ekoiztutakoak

Azaroaren 12an hasiko da Bilboko Udalak antolatzen duen Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 63. edizioa. Guztira, 41 herrialdetako 123 lan izango dira ikusgai. Horietatik guztietatik, erdia baino gehiago lehen aldiz ikusi ahal izango dira Estatuan. Azpimarratzekoak dira ere Euskal Herrian ekoiztutako lanen kopurua (45) eta emakumeek zuzendutako lanen kopurua.

Sail ofiziala eta beste proiekzio batzuk

Zinebi bi atal nagusitan banatuta dago: Sail ofiziala eta beste proiekzio batzuk. Sail Ofiziala bi azpi-ataletan banatzen da: Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa eta Zinebi First Film Festival errealizadore berriei zuzenduta. 

Film Laburren Nazioarteko Lehiaketan 55 lan izango dira lehian. Horietatik, zazpi Euskal herrian ekoiztutako lanak izango dira: “Azaletik Azalera” (Mel Arranz); “Berak baleki” (Aitor Gametxo); “Kinka” (Maider Oleaga); “Love Needs Time to Kill” (Txuspo Poyo); “Ur azpian lore” (Aitor Oñederra); “Vatios” (David Pérez Sañudo); eta, “Yungay 7020” (Raquel Calvo Larralde & Elena Molina Merino).

Beste proiekzio batzuk atala ere bi azpi-ataletan banatuta dago: Beautiful Docs-Munduko dokumentalen panorama eta Bertoko begiradak (euskal ikus-entzunezkoen industriako produktoreen, zinemagileen eta profesionalen lana aintzatesteko). Beatutiful Docs atalean hamar lan izango dira ikusgai. Bertoko begiradak atalean, berriz, 10 film luze dokumental eta 20 film labur ikusi ahal izango dira. Azken horietatik, 13k Cineclub FASaren saria irabazteko aukera izango dute. Gainerako zazpiek lehiaketatik kanpo parte hartuko dute, Bilbao Aurrera 2020 eta 2021eko udal-planen ikus-entzunezko sustapenerako laguntzen irabazleak izan baitziren.

Ohorezko Mikeldi Sariak

Zinebi jaialdiaren barruan banatzen diren Ohorezko Mikeldi Sariek nazioarteko zinema garaikidearen izen garrantzitsuenetako batzuen ibilbidea eta dimentsio artistikoa aitortzen dute. Aurtengo saridunak Imanol Uribe eta Margarethe von Trotta izango dira.

Uribe Zinebi jaialdiarekin harreman estua duen zinemagilea da eta bere ibilbide arrakastasua sarituko da.

Von Trottaren kasuan, bere zinemaren sendotasuna eta zintzotasuna sarituko da. Aktore, gidoilari eta zuzendari alemaniarra Alemaniako Zinema Berriaren figura esanguratsuetako bat da eta bere lanean 68ko Iraultzaren ondorengo Europako gizartean emakumearen ahalduntze gero eta handiagoa islatzen jakin zuen, Zinemaren Historiako zinemagile feministarik eragingarrienetako bat bihurtu arte.

Zuzeneko emanaldiak eta online emanaldiak

Aurreko edizioan bezala, aurtengo edizioan ere zuzeneko emanaldiak eta online emanaldiak uztartuko dira. Zuzeneko emanaldietara hurbildu ezin diren horiek Filmin plataformaren bidez ikusia ahal izango dituzte aurtengo ediziora aurkeztutako lanak. Zuzeneko emanaldiak, ohi bezala, Bilboko aretoetan izango dira. Emanaldi horiez gain, ikusleek ‘Zinebi Meetings’ atalaren barruan izango diren topaketetara ere joan ahal izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.