Euskaraz ikus-entzunezko edukiak sortzeko gazteentzako esperimentazio talde bat sortzeko programa piloturako deialdia

Ikus-entzunezkoaren bitartez edukiak lantzeko eta horren inguruan esperimentatzeko interesa duen edozein gaztek 2deo Esperimentazio taldean parte-hartzeko aukera du. Egitasmoa Tabakalerako 2DEO laborategiak eta Tipik garatu dute eta gazteei zuzentzen zaie. Izan ere, ez dago gazteei zuzendutako kalitatezko euskarazko eduki nahikorik eta gazte euskaldunek eduki horiek gazteleraz edo ingelesez kontsumitzeko joera dute.

Euskarazko edukiak gazteentzat

Hortaz, euskarazko ikus-entzunezko edukiak sortzeko gazteentzako esperimentazio talde bat eratzeko egitasmoa garatu da. Baldintza bakarrak euskaraz jakitea eta beste pertsona batzuekin elkarlanean aritzeko gogoa izatea dira. Ez dago zertan aldez aurretik ikus-entzunezko produkzioan esperientzia edo jakintzarik izan behar, bai ordea elkar sorkuntzan aritzeko gogoa eta edukiak modu berritzailean plazaratu eta komunikatzeko motibazioa. Interesa erakusten duten gazteekin 15-20 pertsonetako taldea osatuko da.

Izena emateko epea datorren azaroaren 26an amaituko da. Laborategia hil honen amaieran bertan abian jarriko da, azaroaren 29an, hain zuzen ere, eta datorren urtearen martxora arte luzatuko da.

Gazteekin osatzen den taldeari ikus-entzunezko piezak asmatu, diseinatu eta produzitzeko programa bat eskainiko zaio, elkarlanean ikus-entzunezko piezak edota proiektu digital esperimentalak sortu ditzaten.

Taldeak izaera malgua izango du. Deialdiaren bidez, taldean modu iraunkorragoan parte-hartu nahi duten gazteen taldea lortu nahi da, baina, aldi berean, saio solteetan parte-hartzeko aukera ere izango da.

Ibilbidea

Pieza hauek asmatu eta sortzeko, gazteei ibilbide bat eskainiko zaie. Lehenik eta behin, taldean, gaiak eta edukiak definituko dira. Ondoren, horietan sakonduko da pieza horien formatuekin esperimentatu ahal izateko: podcastak, YouTube bideoak, Instagram, Twitch

Saioetan erreferentziazko hainbat sortzaile izango dira, gazteekin kontrastea egiteko eta beraien sorkuntza prozesua aberasteko.

Ikus-entzunezko proiektuak 2DEOren baliabide eta laguntzaz ekoiztuko dira. Behin grabazioak eginda, gainera, 2DEOk bere gain hartuko du piezen edizioa eta post-produkzioaren ardura.

Talde honen izaera malgua izango da, hau da, bertan parte-hartzeko konpromiso maila ezberdinak egongo dira. Azaroaren 26 arte irekita egongo den deialdi ireki baten bitartez talde trinkoagoa sortuko da modu iraunkorragoan parte hartuko duten pertsonekin eta aldi berean, saio solteetan parte-hartuko duten pertsonak ere bilduko dira prozesuan zehar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.