Ane Zulaikak irabazi du aurtengo Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria

Ane Zulaika Aranburu izan da 2021. urteko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Sariaren irabazlea. Zulaika ‘Emakumeak blai’ film laburraren egilea da eta bertan, berak azaldu duen moduan, “emakume gazte baten ikuspegitik, ezkutuan zegoen emakumeen errealitatea agerian utzi” nahi izan du. Emakumearen, euskararen eta ondarearen garrantzia nabarmendu nahi duen egitasmoa da ‘Emakumeak blai’.

Hurrengo hilabeteetan Zulaika donostiarrak ikerketa lan bat burutuko du emakumeen 60-80 urteetan itsasoarekin zuten harremana irudikatzeko eta hausnarketa berriak sortzeko. Irabazleak 6.000 euroko saria jasoko du.

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria 2019an abian jarri zen lehen aldiz, lehen aipaturiko sariketaren 25. edizioaren harira.

Agustin Azkarate eta Gasteizko Santa Maria Katedrala

Agustin Azkarate historialari eta arkeologoa izan da Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Sariaren aurtengo irabazlea. Azkarate Gasteizko Santa Maria Katedralaren berritze-planaren inspiratzaile intelektuala eta zuzendari zientifikoa izan da eta Santa Maria Katedrala izan da, hain zuzen sari banaketa ekitaldia hartu duen egoitza.

Euskal Herriko Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte-Zientziak ikertzen eta lantzen dituzten pertsonen jarduna ikustarazi eta saritzea dute helburu Eusko Ikaskuntzak eta Laboral Kutxak. Bere arloan nabarmentzen dena aintzatesteko eta bere ingurunearentzat eredu bihurtzeko helburuarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.