Tamaina handiko 40 irudik ilustrazio zientifikoa gerturatuko dute Arabara

Salburua-Ataria Interpretazio Zentroak “Illustraciencia” izeneko erakusketa hartuko du datorren abenduaren 12ra arte. Erakusketa Zientzia eta Naturako Ilustrazioen Nazioarteko Sariaren VII. edizioan aukeratutako formatu handiko (45×60 zentimetro) 40 lanekin osatu da. 2009. urtean sortu zen egitasmoa da hori, Miquel Baidalen koordinaziopean, zientziari eta naturari buruzko ilustrazioa zabaltzeko eta saritzeko.

Nazioarteko Sari horren edizio bakoitzean zientzia gizarteratzea helburu duen erakusketa ibiltari bat osatuko duten 40 lan onenak aukeratzen dira. Ilustrazioetan espezie botanikoak, animaliak edo elementu geologiko bat azaltzen dira. Ilustrazioak teknika ezberdinetakoak izan daitezke: grafitoa, akuarela edo marrazki digitala eta estetikoki akabera ederra dute, betiere, ilustrazio zientifikoaren diziplinari dagokion zehaztasun zientifikoarekin.

Ilustrazio zientifikoaren mesederako

“Erakusketaren xede nagusietako bat ilustrazio zientifikoa ezagutzera ematea da eta hori unibertsitateen, museoen, liburutegien eta zientziaren dibulgazioan lan egiten duten erakundeen arteko elkarlanari esker lortzen da, egitasmoa, ilustratzaileak, erakundeak eta gizartea bera onura lortzeko harreman bat eraikiz” azpimarratu du CEAko zuzendari Imanol Zabaletak.

Orain Atarian ikusgai diren eta etorkizunean Arabako Parke Naturaletako Parketxeetan ikusgai izango diren ilustrazioen artean, Elvis Antonio Salazar Jorqueraren “Passeriformes de Santiago de Chile” eta Paulo Prestiren “Threadfin morphology” lan sarituak aurkitzen dira.

Gainera, aurtengo edizioan tokiko artisten lanak ere ikusgai izango dira: Amaia Torres Piñeiro donostiarraren kaki baten disekzioa edo Mikel Rodríguez Hidalgo arrasatearraren zelakanto arrainaren infografia.

2020an Parketxeetan

Datorren urtean erakusketa Arabako Parke Naturaletako Parketxeetan ikusi ahal izango da. Horrela, datorren urteko lehen hiruhilekoan Valderejon izango da eta ondoren Izkin eta Gorbeian ikusi ahal izango da.

Salburuako erakusketa zabalik izango da abenduaren 12ra arte, asteartetik igandera bitartean, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

Illustraciencia MNCN-CSICek eta Asociación Catalana de Comunicación Científica (ACCC) erakundeak koordinatzen duten egitasmoa da eta Fundación Española por la Ciencia y la Tecnologiaren (FECYT), Fundación La Caixa eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren laguntza du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.