Gidabaimen berria 16 urteko gazteentzat

Hego Euskal Herrian, gidabaimena ateratzeko 18 urtera arte itxaron behar izaten da. Adin horrekin, B gidabaimena eskura daiteke, hots, kotxe arrunt bat gidatzeko aukera ematen duen hori (3.500 kilo masa gainditzen ez duten horiek). 16 urterekin A gidabaimena ateratzeko aukera dago, baina baimen horrek 125 cm3 arteko motorrak gidatzeko erabiltzen da.

Kontrakoa pentsa badaiteke ere, Europako zenbait herrialdetan (Erresuma Batua, Frantzia, Italia edo Portugal, adibidez), bada 16 urterekin lor daitekeen B gidabaimenaren ‘baliokidea’, B1 gidabaimena, hain zuzen ere. Baimen horrek 400 kiloko kotxeak gidatzeko aukera ematen du, gehienez, 90 km/h abiaduran. B1 gidabaimena martxan jarri zen Europan duela hamabost urte, baina, orduan, Espainiak uko egin zion gidabaimen hori ezartzeari, oso eskaera txikia zegoelako.

Kontua da, ibilgailu elektrikoen gorakadaren ondorioz, gidabaimen horrek kotxe ‘handiagoak’ (lau gurpileko ziklo astunak) gidatzeko aukera ematen duela, ibilgailu horien kasuan bateriaren pisua ez delako aintzat hartzen. Kontuan izan behar da horrelako ibilgailu gehienak elektrikoak direnez oso emisio gutxiko ibilgailuak direla.

DGTren proposamena

Mugikortasun elektrikoaren gorakada ikusita, Trafiko Zuzendaritza Nagusiak B1 gidabaimenaren aukera jarri du mahai gainean. Printzipioz, B1 gidabaimena lortzeko beharrezkoak izango liratekeen ezagutza teorikoak B gidabaimenerako eskatzen diren berberak izango lirateke; ez horrela azterketa praktikoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.