Bueltan da Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa

Covid-19aren pandemiaren ondorioz izandako parentesiaren ostean, bueltan da Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa. 2022ko edizioaren xehetasunak pasa den abenduaren 31an argitaratu ziren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Bertan jasotakoaren arabera, Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek datorren otsailaren 4ra arte izango dute beren egitasmoak aurkezteko aukera. Jasotako eskaera guztien artean programarako egokiak direnak hautatuko dira.

Gazteei dagokienez, izena emateko epea datorren otsailaren 15era arte izango da zabalik. Jasotako eskaera guztien artean 200 hautagai inguru aukeratuko dira otsaila eta martxoa bitartean izango den aurre-hautaketa batean. Lehen fase hori gainditzen duten gazteek martxoaren 11tik 13ra bitartean Arabako Barriako aterpetxean izango den topaketan parte hartu ahal izango dute. Topaketa horretan erabakiko dira zeintzuk diren uda aldean Hego hemisferioko herrialdeetako proiektuetara joango diren 100 gazteak.

Prestaketa-fasea

Aurtengo edizioan parte hartzeko aukeratuak diren gazteek Barriara bueltatu beharko dute martxoaren amaieran prestakuntza jasotzeko, kontzientziatzeko eta esleitutako destinoa ezagutzeko.

Euskadiko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek (GGKE) Hegoaldeko herrialdeetan 2022ko urriaren hasieran garatzen dituzten proiektuetan hiru hilabeteko esperientziaren bueltan, ebaluazio-jardunaldiak egingo dira Barrian, non gazte lankideek esperientziak kontatuko dituzten eta hainbat ideia eta inpresio azalduko dituzten.

Euskadiko Gazteak Lankidetzan Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak eta eLankidetzak antolatzen duten egitasmoa da eta bere xede nagusia da EAEko gazteak garapenerako eta elkartasunerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzea. Aurtengo edizioaren aurrekontua 210.000 eurokoa izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.