Horrelakoak izan beharko dute etorkizuneko patinete elektrikoek

Azken urteotan, patinete elektrikoak dira gehien hazi diren mugikortasun-moduetako bat, batez ere hirian. Baina gaur egun ezagutzen ditugun patineteen amaiera gertu da: 2027ko urtarrilaren 22. Gainera, 2024ko urtarrilaren 22tik aurrera merkaturatzen diren patinete berriek zirkulaziorako ziurtagiri bat eta gutxieneko ezaugarri tekniko batzuk izan beharko dituzte. Hori da, hain zuzen ere, Trafiko Zuzendaritza Nagusiak (DGT) berriki onartu duena.

Horrela, orain arte saldu diren eta aipatu baldintzak betetzen ez dituzten patineteek eta mugikortasun pertsonalerako bestelako ibilgailuek edo 2024. urtera arte ziurtagiririk gabe ekoizten diren horiek, bakarrik 2027ko urtarrilera arte erabili ahal izango dira. Hortik aurrera, legez kanpo izango dira. DGT-rentzat Mugikortasun Pertsonalerako Ibilgailu (MPI) gurpil bat edo gehiagoko ibilgailua da, plaza bakarra duena eta motor elektrikoek bakarrik bultzatua.

Ziurtagiria

MPIak bide publikoetan erabili ahal izateko ezinbesteko baldintza izango da ziurtagiri berria. Bertan, estatuko zein nazioarteko araudiak eskatzen dituen ezaugarri eta betebehar tekniko guztiak jasoko dira.

Identifikatzailea

Patineteek eta mugikortasun pertsonalerako bestelako ibilgailuek, behar bezala identifikaturik egon beharko dute fabrikako marka bakar, iraunkor, irakurgarri eta argi ikusteko moduko batekin. Bertan, honako informazio hau azaldu beharko da: baimendutako gehienezko abiadura, serie-zenbakia, fabrikazio urtea, marka eta modeloa. Horrez gain, atzealdean eremu bat izan beharko dute identifikazio hori edo erregistro etiketa bat eramateko.

Agerikotasuna

Patineteek eta bestelako MPI ibilgailuek katadioptrikoak eraman behar izango dituzte: zuriak aurrean,  zuriak edo horiak alboetan eta gorriak atzean. Balazta argia bereiztuta edo atzeko katadioptrikoarekin bateratua egongo da.

Merkantziak edo bestelako zerbitzuak garraiatzeko erabiltzen diren ibilgailuek islagailuak izan beharko dituzte alboetan (horiak), atzeko aldean (gorriak) eta kargan: kargaren ertzetan eta erpinetan jarri beharko dituzte, neurriak seinalatzeko eta ikuspen gutxiko egoeretan bereizteko. Eredu horiek, gainera, aurrealdeak eta atzealdeak eta atzerako ispiluak izan beharko dituzte nahitaez.

Abiadura

Patinete elektrikoek ezin izango dute 25 Km/h-ko abiadura gainditu. Abiadura horretatik aurrera, motorrak (abiadura eta potentziarako antimanipulazio-sistemak izan behar ditu) ibilgailua bultzatzeari utziko dio.

Balaztak

Erabilera pribatuko patineteek gutxienez 3,5 m/s2-ko dezelerazioa duten bi balazta independente izan beharko dituzte. Bi gurpil baino gehiago badituzte, aparkatzeko balazta bat izan beharko dute.

Soinu-ohartarazlea

Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailu guztiek beren presentziaz abisatzeko soinu-ohartarazle bat izan beharko dute. Merkantziak edo bestelako zerbitzuak garraiatzeko modeloei atzeraka ibiltzeko alerta gehitu behar zaie.

Gurpilak

Gurpilek, gutxienez, 203,2 milimetroko diametroa izan beharko dute.

Aparkatzeko sistema

Espaloietan botata ez geratzeko, hiru gurpil baino gutxiago dituzten ibilgailuek hanka bat izan beharko dute alboan aparkatuta daudenean ez erortzeko.

Tolesteko sistema

MPIek segurtasun sistema bikoitza izan beharko dute tolestuta daudenean nahi gabe ez irekitzeko.

Pantaila

Patineteek eta bestelako MPIek pantaila bat eraman beharko dute. Bertan zirkulazio-abiadura eta bateriaren karga-maila azaldu beharko da.