Abian da Laburbira zirkuituaren XXII. edizioa

Euskarazko film laburren zirkuitua martxoaren 7tik apirilaren 11ra egingo da eta publikoak bere lan gogokoena bozkatu ahal izango du

 Irakurketa denbora: 2 minutu

Abian da Laburbira-Euskarazko film laburren zirkuituaren XXII. edizioa. Taupa euskaltzaleen mugimenduak antolatzen duen egitasmo hau martxoaren 7tik apirilaren 11ra bitartean egingo da. Zirkuituan parte hartuko duten lanak aurkezteko epea, berriz, urtarrilaren 24ra arte izango da zabalik. Baldintzak eta izena emateko inprimakia esteka honetan ikus daitezke.

Laburbira 2025

Deialdia 2024an zehar ekoitzitako eta, gehienez, 25 minutuko iraupena duten euskarazko film laburrei irekita dago. Hautatutako zuzendariek 1.000 euroko konpentsazio ekonomikoa jasoko dute zirkuituan parte hartzeagatik. Kopuru horri 100 euro gehiago gehituko zaizkio egiten duten aurkezpen eta solasaldi bakoitzeko.

Laburbiraren hogeita bigarren edizioa aurrestreinaldiarekin hasiko da martxoaren 6an Donostiako San Telmo Museoan. Antolatzaileek azaldu dutenez, edizio berrian berritasun garrantzitsu bat izango da. Izan ere, bozketa-sistema bat ezarriko da, ikusleek gehien gustatu zaien film laburraren aldeko botoa eman dezaten.



Zirkuituan parte hartuko duten lanen aniztasuna bermatzeko, film laburren hautaketa prozesua hainbat irizpidetan oinarrituko da. Horien artean nabarmentzen dira publiko guztientzako edukiak izatea, sortzaile berri eta esperientziadunen arteko oreka, lurralde eta genero aniztasuna, eta euskalkien barietatea. Umorea, animazioa, izaera esperimentala eta gizarte sentsibilizazioko edukia bezalako alderdiak ere baloratuko dira.

Laburbiraren helburuak dira Euskal Herriko hainbat herritan euskarazko zinemarentzako erakustoki plataforma izatea, eta, era berean, tokiko zinema industriaren garapena bultzatzea. Hautatutako film laburrek hilabete baino gehiagoz euskal udalerri ezberdinak zeharkatzeko aukera izango dute.

Advertisements