Adimen artifizialak 1.000 aldiz biderkatuko du zabor teknologikoa

Hizkuntza Eredu Handien (LLM) bilakaeraren ondorioz datu-lantegien energia-kontsumoa eta zabor elektronikoaren sorrera izugarri igo da

Adimen Artifizialaren ingurumen-aztarna esanguratsua da, nahiz eta, sarritan, ikusezina izan. Eredu aurreratuen entrenamenduak eta mantentzeak ahalmen operatibo handiko azpiegitura konputazionalak eskatzen ditu egun osoan zehar eta, ondorioz, datu-lantegien energia-kontsumoa eta karbono-emisioak nabarmen hazi da. Horrez gain, ur kantitate handiak behar izaten dira sistemak hozteko eta hori guztia gutxi balitz, zabor elektronikoaren sorrera ere nabarmen igotzen da ekipamendua etengabe berritu behar izaten baita.

Nature Computational Science’ aldizkarian argitaratu den azterlan baten arabera, adimen artifizial sortzailearen ereduen bilakaerak, bereziki, ChatGPT, Gemini, Claude, Copilot edo Llama bezalako hizkuntza eredu handiek, 1,2 eta 5 milioi tona zabor elektroniko artean sortuko dute 2030ra bitartean. Azterlanak prozesatzaile, biltegiratze-sistema eta elikatze-iturriak bezalako osagaien inpaktua aztertu du. Txinako Zientzien Akademia eta Israelgo Reichman Unibertsitateak egina, azterlanak baliabide horien eskariaren bilakaera aztertu du, 2030. urtera arteko lau hazkunde-agertokiren bidez.

Lau agertoki

Lehenengo agertokian txipen eta lotutako teknologiaren industrian hazkunde mugatua aurreikusten da, % 41eko hazkundea proiektatuz, 2022tik 2023ra bitartean erregistratutako bera. Kalkulu hori Adimen Artifizialean diren hobekuntza jarraiek hazkunde-maila bera izango dutenaren hipotesian oinarritzen da.

Bigarren agertokian % 85eko hazkundeko proiekzioa egiten da, Alexa bezalako ahots-laguntzaileen bilakaeran oinarrituta. Hirugarren agertokian % 115eko hazkundea aurreikusten da, kasu honetan, TikTok sare sozialaren hazkundean oinarrituta. Azkenik, azken agertokian, % 135eko hazkundearen proiekzioa egiten da Facebookek izan duen hazkundean oinarrituta.

Proiekzio horien arabera, zabor-teknologikoaren sorrera 2023eko 2.600 tonatik 0,4 milioi eta 2,5 milioi tona bitartera haziko litzateke 2030erako, hots, 1.000 aldiz gehiago. Kopuru horrek iPhone 15 Pro telefonoaren 2.100 eta 13.300 milioi unitate artean baztertzea esan nahi du, hots, egun horretan munduan dagoen pertsona bakoitzeko 0,2 eta 1,6 telefono artean.

Ikertzaileek ohartarazten dutenez, kalkulu horretan ez dira aintzat hartu hondakin elektronikoak murrizteko hamarkada honetan har daitezkeen neurriak. Oro har, 2030rako, zabor teknologikoaren kopuru osoa 43,2 milioi tonara irits daitekeela zenbatetsi da. 2022an, kopuru hori 4,6 milioi tona baino ez zen.

Kutsatzaile handienak

Datu-lantegia oso gune geografiko zehatzetan kokatuta daudenez, hondakin teknologiko ia guztiak hiru eskualdetan sortzen dira: Ipar Amerika (% 58), Ekialdeko Asia (% 25) eta Europa (% 14). Hala ere, hondakin horiek guztiak, kasu gehienetan, Afrikan eta Asian amaitzen dira.

Arazoa ez da soilik zabor kopurua. Izan ere, hondakin teknologikoak oso toxikoak izan ohi dira. Datu-lantegietan izaten diren ekipoak, gehienbat, erdieroalez, bateriaz eta egitura atalez osatuta daude eta horiek, nagusiki, beruna, kromoa eta akrilonitrilo bezalako osagai toxikoak izaten dituzte.

Arazo horren inpaktua arintzeko estrategia gisa, azterlanak egungo ekipoen bizitza baliagarria hedatzean eta fabrikazio-prozesu berrietan materialak berrerabiltzean oinarritzen den ekonomia zirkularra hartzea iradokitzen du. Neurri horrek zabor teknologikoen sorrera % 86an murriztuko lukeela uste dute ikerlariek.