Bikotekidearen sexu-iragana ezagutzea garrantzitsua den ala ez zehaztea eztabaida sortu ohi duen gaia da. Batzuek erabateko gardentasunak lotura sakonagoa sortzen duela defendatzen dute; beste batzuek, berriz, sexu-iragana gai pribatua izan beharko litzatekeela diote.
Gure bikotekidearekin gure sexu-iragana partekatzearen garrantzia une horretan dugun harreman motaren araberakoa izango da, bai eta bakoitzak dituen baloreen araberakoa ere. Garbi dago gai horrek zuzeneko eragina izan dezakeela harreman batean. Horregatik, komeni da zenbait kontu argi izatea.
Onurak
Alde batetik, garbi dago gardentasuna harreman sendo bat izateko zutabe garrantzitsu bat dela. Zentzu horretan, zure bikotekidearen sexu-iragana ezagutzeak bion arteko konfiantza hobetzen lagun dezake. Gainera, bikotekideen arteko ulermena hobetzen ere lagun dezake, izan ohi ditugun beldur, grina eta segurtasunik eza asko iraganaren ondorio baitira. Azken finean, gure bikotekidearen sexu-iragana ezagutzeak bere itxaropenak eta gustuak hobeto ezagutzeko balio ahal izango digu.
Gure sexu-iraganaren inguruan hitz egiteak izan ditzakeen beste onura bat da komunikazioa eta elkarren arteko ulermena hobetzen duela. Gainera, gai horren inguruan hitz egiteari uko egiten badiogu gaizki-ulertzeak sor daitezke eta gure bikotekideak benetakoak ez diren kontuak imajina ditzakeelako, bere segurtasunik eza areagotuz.
Puntu honetara iritsita, garbi izan behar dugu sexu-iraganaz hitz egitea ez dela soilik gure amodio-kontuetara eta gauza positiboetara mugatu behar. Sexu-iraganaren parte dira ere bidean izan ditugun une zailak eta kalteberatasunak. Horrelako esperientziak partekatzeak bikotekidearekin dugun lotura emozionala hobetzen lagun dezake, barneko sentimendu sakonak partekatzeko bidea errazten delako.
Esan bezala, gardentasuna harreman sendo bat izateko zutabe garrantzitsu bat da, baina, aldi berean, funtsezkoa da gure bikotekidearen pribatutasun-eskubidea errespetatzea. Pertsona guztiak ez dira eroso sentitzen bere iraganaren inguruko xehetasunak partekatzen eta komeni da hori ere errespetatzea. Horrelako xehetasunak azaltzeko presioak ondorio kaltegarriak izan ditzake konfiantzan eta komunikazioan.
Gure bikotekidearen sexu-iragana ezagutzeak bere egungo esperientziak eta erabakiak testuinguruan kokatzen lagun diezazuke. Iraganeko harremanetan izan ziren testuinguru emozional eta psikologikoak ulertzeak zure bikotekideak gaur egun zurekin duen harremana azal dezake.
Hasieran azaldu dudan bezala, gai honek iritzi kontrajarriak eragiten ditu. Izan ere, ezin dugu ahaztu sexu-iraganari buruz hitz egiteak erronka berriak ekar diezazkiokeela bikoteari, adibidez, jelosia. Horregatik, funtsezkoa da komunikazioa lantzea eta norberak dituen sentimenduei buruz argi hitz egitea. Puntu horretara heltzeko gai bagara, harremana sendoagoa izango da.
Ikusiko zenuten bezala, funtsezkoa da kontatu beharrekoaren eta kontatzea beharrezkoa ez denaren arteko oreka bat bilatzea. Azken finean, kontua ez da gure bikotekidearen inguruko guztia ezagutzea. Bada harremanari mesede egin diezaiokeen informazioa, baina bada harremana kaltetu ahal duen informazioa ere. Konfiantza eta errespetuaren arteko oreka osasuntsua lortzea da gakoa.