Zooks ligatzeko atariak egin duen inkesta baten arabera, ortografia uste baino garrantzitsuagoa izan daiteke sexu-harremanak izan nahi direnean. Izan ere, aipatu inkestaren arabera, emakumezkoen % 65ak ez lituzke inolaz ere harreman sexualak izango akats ortografiko larriak egiten dituen gizon batekin. Gizonezkoen kasuan kopuru hori % 60raino jaitsiko litzateke. Adituen ustez, eta gezurra badirudi ere, ortografia gero eta faktore garrantzitsuagoa da norekin oheratuko garen ala ez erabakitzeko orduan.
Gaur egun, sare sozialak eta berehalako mezularitza zerbitzuak (Whatsapp kasu) ligatzeko ezinbesteko tresnak bilakatu dira, aurrez-aurreko elkarrekintzak bigarren maila batean geratu direlarik. Aipatu aplikazio horietan gure hizkuntza-gaitasunak agerian geratzen dira, nagusiki, idazmenari dagozkionak. Ikerketan aipatzen denez, atari mota horretako erabiltzaileek garrantzia handia ematen diote euren solaskidearen gramatikari. Izan ere, gramatika zuzen batek pertsona adimentsu eta ikasi baten aurrean gaudela adieraz lezake. Horrela, sexuarekiko axolagabekeria esponentzialki haziko litzateke akats ortografiko bakoitzarekin.
Hala ere, gauza guztietan bezala, ortografiak eta gramatikak ere bere neurria dute. Zentzu horretan, Binghamtoneko Unibertsitatean egin duten ikerketa baten arabera, gramatikalki oso zuzen edo formalak diren mezuen aurrean solaskideek mezu horiek ez direla hain zintzoak uste dute.