Irakurketa denbora: 2 Minutu
Apirilaren 4an, Vital Fundazioa Kulturuneak Mugarik Gabeko Musikariek antolatu duten elkartasun jaialdia hartuko du. Vital Fundazioarekin elkarlanean antolatutako musika ekitaldi horren xede nagusia da funtsak lortzea Arabako Elikagaien Bankuarentzat. Erakunde horrek Arabako lurralde historikoan egoera ekonomiko larrian bizi diren herritarrei laguntza eskaintzen die janaria partekatuz.
Pasa den urteko datuen arabera, AEB-k, gutxi gorabehera, 1.850.000 kilo janari banatu zituen 2.300 pertsonen artean. Janari hori jaso zuten herritarren artean, ehun haur inguru zeuden. Horrez gain, erakundeak 1.500 larrialdi inguru ere artatu zituen eta, Vital Fundazioarekin lankidetzan, 100.000 euro bidali zituen Valentziako Elikagaien Bankuari DANAren ondorio suntsitzaileen biktimei laguntzeko.
Musika jaialdia
Jaialdia Gandarwa bikote gasteiztarrak irekiko du. Taldea Enrique Díaz de Herediak, zeharkako txirularekin, eta José Luis Dorronsorok, gitarrarekin, osatzen dute. Bikoteak Please stay with me eta Unfeeling Kiss obrak interpretatuko dituzte.
Ondoren, Kalimba Taldea arituko da, nagusiki jatorri afrikar eta ukrainiarreko gazte etorkinez osatutako taldea. Talde hori Mugarik Gabeko Musikarien Tximurka eskolarekin batera arituko da. Tximurka musikaren bidez baliabiderik gabeko pertsonen gizarteratzera zuzendutako proiektu bat da.
Jorge Negrete bezalako artista mexikar ospetsuekin egindako kolaborazioengatik ezaguna den Juanjo Bordés tenor nafarrak itxiko du jaialdia. Bordések, Mugarik Gabeko Musikariak elkartearekin aktiboki parte hartzen du eta, hezkuntza musikalaren bidez, ingurune behartsuetako haur eta gazteak indarkeriaz aldentzeko helburua duen “Biolin bat fusil baten truke” izeneko gizarteratze proiektua garatzen ari da Mexikon.
2023an Urrezko Zeledoia jaso zuen Elena Martínez de Madinak aurkeztuko du jaialdia.
Bertaratu nahi dutenek Vital Fundazioaren egoitzan (Kordoi Etxea) jaso ditzakete gonbidapenak 8:30etik 14:00etara eta 16:30etik 19:00etara, ostiraletan izan ezik, goizeko ordutegian bakarrik artatzen baita. Borondatezko dohaintzak kontzertuaren irteeran egin ahal izango dira, programarekin batera emango den gutun-azal baten bidez, edo Bizum aplikazioaren bidez Arabako Elikagaien Bankuaren 00025 kodearekin.
Ekitaldia amaitzean, bi gitarra zozketatuko dira jaialdira bertaratutakoen artean.








