“Beyond the Other Shore” eta “In the Rearview” filmak garaile Zinebiko aurtengo edizioan

Itziar Leemansek zuzendutako “Ximinoa” dokumentalak Euskal Zinemaren Sari Nagusia irabazi du.

Singapurren ekoitzitako “Beyond the Other Shore” fikziozko filmak eta Ukrainako gerrari buruzko “In the Rearview” film luzeak irabazi dituzte Zinebiko, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko sari nagusiak.

Singapurreko fikziozko lanak, Pek Jia Haiok eta Ang Jia Junek zuzenduta, Zinebi Sari Nagusia lortu du film laburren nazioarteko kategorian, 7.000 eurorekin saritua. Epaimahaiak filma goraipatu du bere poesiagatik eta protagonistaren dolu-prozesuan ikuslea gidatzen duen moduagatik, gai unibertsalak (hala nola hilkortasuna, sinesmenak eta denboraren joana) aztertzeko erabiltzen duen fintasuna nabarmenduz.

Bestalde, Sail Ofizialeko saririk handiena, 12.000 eurokoa, ZIFF – ZINEBI First Film Nazioarteko Lehiaketako opera prima onenari eman zaio, Maciek Hamelak zuzendutako “In the Rearview”. Epaimahaiak, aho batez, filmak nazioarteko gatazka baterantz duen ikuspegi minimalistaren aparteko indarra goraipatu du, izugarrikeria ikuspegi humanista batetik arakatuz.

Euskal Zinemaren Sari Nagusia Itziar Leemansek zuzendutako “Ximinoa” dokumentalak irabazi du, eta Alejandro CabrerarenEl Soldao” filmak, berriz, Espainiako Zinemaren Sari Nagusia.

Generoen araberako Mikeldi Sariak ere banatu dira: Shadi Karamroudiren “It Turns Blue (Abi mishavad)” fikziozko film labur onenaren saria, Carla Meloren “La perra” koprodukzio frantziar-kolonbiarra animaziozko film labur onenaren saria, eta Natalie Cubides-Bradyren “The Veiled City” film labur dokumental onenaren saria.

Gazte epaimahaiak Tamara García Iglesiasen “Zarata” euskal filma saritu zuen Gazte Epaimahaiaren Sariarekin, 2.000 euroko sari ekonomikoa duena.

Gainera, ZINEBIk Aukera Sariak eman ditu, film laburren proiektuen garapena bultzatzeko. Irene Royoren “Mi reina” filmak (H)EMEN Saria jaso zuen, eta Marta Codesido eta Nuria Ubachen “Ezagutzen ditugun bekain guztiak” lanak, berriz, Aukera-Sortzaileen Saria eta Aukera – Nazioartekotze Zineuskadi Saria jaso zituen. Euskarazko proiektu onenaren Aukera – Bizkaiko Foru Aldundia Saria Amaia Chocarroren “Gure gozamena” lanak irabazi du.