“Conecta Empleo” anezka berria Iruñean

‘Conecta Empleo’ anezkaren aurreko edizioetan, batez beste, % 60ko laneratzea lortu da. Azken urteetan, ia 200 pertsona trebatu dira egitasmo honi esker.

Abian da jada Iruñean “Lanzadera Conecta Empleo” doako lan-orientazio programaren edizio berri bat. Ekimen horri esker, langabezian dauden 13 emakume eta 9 gizon trebatu ahal izango dira lan-merkatu berriarekin bat datozen teknika eta tresnekin lan-bilaketa suspertzeko.

Anezka jada martxan den arren, programan interesa duten horiek oraindik izena emateko aukera dute. Izen-emateak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren webgunearen bidez egin daitezke.

Proiektuak bost hilabeteko iraupena izango du eta bertan parte-hartzaileek enplegua bilatzeko plan integral bat egiten ikasiko dute: helburu profesionala zehaztu, curriculuma eguneratu, lan-elkarrizketak prestatu, zeharkako gaitasunak eta gaitasun digitalak indartu eta enpresekin harremanetan jarriko dira beraien lan merkaturatzea bultzatzeko.

Elkarlanean

Ekimenak saio birtualak eta zuzenekoak konbinatuko ditu Burlatako Iturrondo agentzia integralean. Parte-hartzaileek talde bezala lan egiten ikasiko dute, esperientziak partekatzeko eta lana modu solidarioan eta elkarlanean bilatzeko. Modu horretan, lana aurkitzeko aukerak biderkatuko dira. Horretarako, besteak beste, adimen emozionaleko dinamikak egingo dituzte, programa berriak ikasiko dituzte, smartphone-ari eta sare sozialei etekina ateratzen ikasiko dute lana online bilatzeko eta enplegagarritasun-mapak egingo dituzte.

‘Conecta Empleo’ anezkaren aurreko edizioetan, batez beste, % 60ko laneratzea lortu da. Azken urteetan, ia 200 pertsona trebatu dira Nafarroan Fundación Santa María la Real-ek eta Fundación Telefónicak sustatzen duten egitasmo honi esker. Egitasmoan Nafarroako Gobernuaren laguntza du Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bidez. Gainera, Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa du, Gizarteratzeko eta Gizarte Ekonomiako Programa Operatiboaren bidez.