Donostia Kulturak dagoeneko aurkeztu du 2024-2025 ikasturterako prestakuntza-eskaintza. Guztira, 562 ikastaro izango dira, eta kultura-etxeetan eta Liburutegi Nagusian eskainiko dira. Horietatik 534 helduentzat dira, eta 28, berriz, haur eta gazteentzat.
Matrikulazioa bi fasetan egingo da: irailaren 2tik 12ra euskarazko ikastaroetan izena emateko aukera izango da eta irailaren 16tik 29ra bitartetan, berriz, gaztelaniazkoetan. Ikastaroek askotariko gaiak jorratuko dituzte: antzerkia eta dantza, musika, arte plastikoak eta eskulanak, irratia, autoezagutza eta osasuna, literatura, humanitateak eta zientzia, komunikazioa, zinema, bideoa eta argazkigintza.
Euskarazko ikastaroek Belarriprest eredua hartuko dute. Eredu horrek ikasleak euskaraz mintzatzera gonbidatzen ditu, maila baxuan bada ere, elkarlaneko giroa sustatze aldera. Ikasleek eta irakasleek euskaraz hitz egiteko eta elkarri laguntzeko konpromisoa izango dute.
Ikastaro nabarmenen artean DK Irratia, Larrotxene Bideo eta Musikagela daude. Musikagelaren lau ikastarotan, Donostia Kulturak SGAE Fundazioaren laguntza izango du.
Ikastaroei eta matrikulazioari buruzko informazio guztia Donostia Kulturaren webgunean dago eskuragarri.