Donostiar gazteen proiektuen bila dabil MartxUp!

Hautatutako ideiek Mondragon Unibertsitatearen prestakuntza eta tutoretza jasoko dute urria eta abendua bitartean

Egilea: Lander Bolado
Argazkia:  shutterstock.com
Hitz kopurua: 212
Irakurketa denbora: Minutu bat

MartxUp! programak Donostiako gazteek beren proiektuak eta ideiak aurkezteko epea ireki du. Deialdia uztailaren 17ra arte egongo da zabalik, eta gizarte-, kultura- zein ekonomia-arloko edozein ekimen garatu nahi duten 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Eskabideak martxup.eus webgunearen bidez aurkeztu behar dira.

Banaka nahiz taldean parte har daiteke, baina hautatutako proiektuak bi eta lau pertsona arteko taldeetan garatu beharko dira. Bizilekuari dagokionez, baldintza bakarra da taldeko kideetako bat gutxienez donostiarra izatea.

Gai-mugarik gabe

Programak ez du inolako mugarik ezartzen proiektu motari dagokionez, betiere haren edukia generoagatik, arrazagatik edo bestelako arrazoiengatik diskriminatzailea ez bada. Epaimahaiak proposamen bakoitza baloratuko du bideragarritasunaren, originaltasunaren, berrikuntza-gaitasunaren eta zehaztasun-mailaren arabera.

MartxUp! programaren helburua Donostiako gazteei beren ideiak garatzen laguntzea eta hiriko bizitzan modu aktiboan parte hartzea sustatzea da.

Prestakuntza eta tutoretza

Hautatutako proiektuak garapen-fase batean sartuko dira, urritik abendura bitartean. Prozesuaren etapa nagusia da: taldeek bost tailerretan parte hartuko dute, proiektu bakoitzaren erronketara egokitutako prestakuntza jasoko dute, eta aholkularitza teknikoa izango dute beren prototipoak garatzeko. Mondragon Unibertsitatea arduratuko da bai prestakuntza emateaz bai tutoretza-lanak egiteaz.

Fase honetan, taldeek beren proiektua definitu, ekintza-plan bat prestatu eta sarean hedatzen hasi beharko dute. Behin garapen-fasea amaituta, proiektuak gauzatze-fase batera igaroko dira, 2027an zehar garatuko dena.