
Datorren martxoaren 21ean Poesiaren Nazioarteko Eguna ospatuko da eta, horren harira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentuak #EdertasunaZabaldu izeneko ekimena jarri du martxan. Ekimen horren xedea da gipuzkoarrek sare sozialen bidez errezitatutako olerkiez betetzea lurraldea.
Horretarako, sare sozialetan #EdertasunaZabaldu eta ComparteBelleza traolak erabiliz, gipuzkoarrei olerkiak errezitatuz grabatutako bideoak edo olerkien argazkiak partekatzea proposatzen zaie.
Gainera, @GipuzkoaKultura kanalen bidez, hiritarrek partekatutako bideoez gain, Gipuzkoako gizarteko hainbat eremuetako ordezkarien bideoak ere partekatuko dira. Ekimenak Gipuzkoako kulturaren, zientziaren, gastronomiaren, politikaren, kazetaritzaren, lankidetzaren edo kirolaren munduko pertsona ospetsuak erakartzea lortu du, ekintzaren enbaxadore gisa jardungo dutenak.
Deskontuak poesia-liburuetan
Ekimenarekin bat eginez, datorren martxoaren 21era arte Gipuzkoako 40 liburu-denda inguruk % 5eko deskontua eskainiko dute poesia-liburuetan.