Eguzkiaren eraginpean jartzeak sexu-desira areagotzen du

Azterlan baten arabera, emakumeen zein gizonen kasuan, eguzki-argiaren erradiazio ultramorearekiko esposizioak pasio erromantikoa areagotzen du

Israelgo Tel Aviveko Unibertsitateko ikerketa-talde batek aurkitu du eguzki-argiaren erradiazio ultramorearen eraginpean jartzeak pasio erromantikoa areagotzen duela.

Ikerlanean, bai gizonak bai emakumeak B motako erradiazio ultramorearen eraginpean egon ziren baldintza kontrolatuetan eta aurkikuntzak oso argiak izan ziren: pasio erromantikoaren mailak gora egin zuen gizonen zein emakumeen kasuan. Cell Reports aldizkari zientifikoan argitaratu den ikerlanaren arabera, eguzkiaren eraginpean egoteak sexu-hormonak askatzen dituen sistema endokrinoan eragiten du.

Testosterona-maila

Carmit Levy ikerketa-buruak azaldu duenez, “aspalditik dakigu eguzki-argiaren erradiazio ultramoreak areagotu egiten duela testosterona-maila gizonezkoetan, eta badakigu, halaber, eguzki-argiak garrantzi handia duela sexualitatearen jokabide- eta hormona-erregulazioan. Hala ere, erregulazio horren mekanismoa ezezaguna zen oraindik. Gure azterketak mekanismo hori hobeto ulertzen lagundu digu”.

Gizakietan probatu aurretik, ikerlariek animaliekin egin dute lan. Kasu horretan, ikerlariek azaldu dutenez, eragina izugarria izan zen: emeen hormona-mailak nabarmen handitu ziren, obarioak handitu egin ziren eta araldia luzatu; arren eta emeen arteko erakarpena handitu egin zen, eta biak prest egon ziren sexu-harremanak izateko.

Ikerlanaren bigarren fase batean, animaliekin kasu honetan ere, P53 izeneko proteina bat kendu zen larruazaletik. Proteina horrek DNAn eragindako kalteak identifikatzen ditu, eta pigmentazioa aktibatzen du eguzki-argiaren eraginpean egon bitartean, kontrako ondorioen aurkako babes gisa. P53 ezabatzeak UVB izpiekiko esposizioak animalien portaera sexualean zuen eragina ezabatu zuen, eta horrek Levy irakaslea eta lankideak konbentzitu zituen azalaren bidezko erradiazioarekiko esposizioak eragin zituela aurretik ikusitako aldaketa hormonalak, fisiologikoak eta portaerazkoak, eta babes-sistemak ere sexualitatearen erregulazioaren ardura duela.

Gizakiekin

Ikerlanaren azken fasean 32 gizakiekin egin dute lan. UVB fototerapiaren eraginpean jarrita gizonen zein emakumeen pasio erromantikoak gora egin zuen. Gainera, gizonen kasuan oldarkortasun-mailak ere gora egiten zuela aurkitu dute.