Lanbidek Lan Bizitzan Sartzeari buruz egindako azterlanaren arabera, 2017. urtean graduatu ziren UPV/EHUko ikasleen % 88 lanean da. Aipatu txostenean jasotzen denez, jarduera profesionala garatzeko sektore nagusia zerbitzuen sektorea da (% 87).
Mugikortasun geografikoari dagokionez, % 77k EAEn bizi eta lan egiten dute. Lanean diren horien artean, hilabeteko batez besteko soldata garbia 1.583 eurokoa da (14 paga) eta ez da alde handirik ematen gizonen eta emakumeen artean. Soldatan gehien eragiten duen aldagaia jakintza arloarena da. Horrela, soldatarik handienak Osasun Zientzietan ematen dira, eta gero Ikasketa Teknikoetan, eta Giza eta Gizarte Zientzietan. Lehenengo biak dira, gainera, langabezia-tasa baxuenak dituzten ikasketak, % 5 eta % 8, hurrenez hurren, bai eta egindako ikasketei lotutako enplegu gehien sortzen dutenak ere.
Lanean dauden pertsonen lanera sartzeko bideari dagokionez, nabarmentzen dira, hurrenez hurren, ingurune soziala eta profesionala (% 25), oposizioak edo enplegu publikoaren lan poltsak (% 21), lan eskaintza jakin bati erantzutea (% 15,6) eta unibertsitate ingurua (% 10,3).
Hizkuntzen erabilerari dagokionez, gaztelaniaz gainera, euskara (% 52) eta ingelesa (% 35) dira gehien erabiltzen direnak, baina Ikasketa Teknikoetan eta Zientzia Esperimentaletan ingelesa nagusitzen da.