Irakurketa denbora: 2 minutu
Etxe batean gertatzen den misterio handienetako bat izaten jarraitzen du: nola da posible garbigailuan galtzerdiak desagertzea? Egia esan, anekdotikoa dirudien zerbaiten atzean zenbaki harrigarriak ezkutatzen dira. Izan ere, kalkulu batzuen arabera, pertsona batek 1.200 galtzerdi gal ditzake bizitza osoan, batez beste. Kopuru hau milioika etxebizitzagatik biderkatuta, ehun-hondakin bolumen nabarmena suposatzen du. Horregatik, modu informalean bada ere, hainbat herrialdetan ‘Galtzerdi galduen eguna’ ospatzen da maiatzaren 9an.
Ehunak birziklatzeko tailerrak
Aipatu eguna ospatzeko eta gazteen artean arropa birziklatzearen garrantziaz kontzientziatzeko, Iruñeko Gaztediaren Etxeak hiru tailer antolatu ditu. Tailer horietan parte hartzen duten gazteek etxeko kajoietan lagunik gabe erdi ahaztuta dituzten galtzerdi horiei bigarren erabilera bat ematen ikasiko dute. Tailerrek, lagunik gabeko galtzerdiei aukera praktikoak eskaintzeaz gain, gai zabalagoak hausnartzeko abiapuntu gisa ere balio izango dute. Izan ere, askok ez dakiten arren, ehungintza da munduko industriarik kutsagarrienetako bat eta modan nagusitzen den moda azkarraren eredua bereziki kaltegarria da ingurumenarentzat.
Tailerrak hiru egun jarraian garatuko dira eta ostegun honetan, maiatzaren 8an hasiko dira. Saio bakoitzak 90 eta 120 minutu arteko iraupena izango du, eta doakoak eta sarrera librekoak izango dira.
Gaztediaren Etxeak beharrezko material guztiak jarriko ditu: josteko tresnak, kremailerak eta galtzerdiak berak. Hala ere, parte-hartzaileek beraien jantziak ekar ditzakete hala nahi izanez gero.
Jarduera programak hiru proposamen desberdin biltzen ditu:
- Maiatzak 8, osteguna, 19:00etan: Parte-hartzaileek galtzerdi luzeak kremailera duten kutxatxo bihurtzen ikasiko dute. Modu praktikoa ahaztutako jantzi bat objektu txikiak gordetzeko osagarri erabilgarri bihurtzeko.
- Maiatzak 9, ostirala, 19:00etan: Tailerra tamaina desberdinetako galtzerdiak erabiliz egindako giltzatakoak lantzen zentratuko da, eskuz josiak eta kotoiaz beteak. Aukera sinple eta dekoratiboa ehun-birziklapenean hasteko.
- Maiatzak 10, larunbata, 12:00etan: Azken saioan hautsitako edo zulodun galtzerdiak diru-zorro bihurtzen irakatsiko da. Aukera ezin hobea zaborrean bukatzeko zeuden galtzerdi horiei bigarren erabilera bat emateko.
Tailer guztiak Amaya Lópezek emango ditu, ogibidez ekonomialaria eta bokazioz jostuna eta diseinatzailea. Gaur egun, Lópezek ekitaldi berezietarako neurrira egindako jantzien diseinua eta josketa egiten du, eta Gaztediaren Etxean ematen den Moda Diseinuko ikastaroaren irakaslea da.







