Ekainaren 20ra arte Pablo Tosco argentinar argazki-bideo dokumentalistaren “Eskubide Kontua” argazki-erakusketa bisita daiteke Gasteizko Antso Jakituneko pergolan.
Tamaina handiko koloretako 30 argazkik osatzen dute erakusketa, eta Ukrainan, Sahelen eta Sirian sortutako krisi humanitarioak islatzen ditu, argazkien eta testigantzen bidez. “Argazki eta testigantzen bidez, Ukrainan, Sahelen eta Sirian sortu diren krisi humanitarioak arakatzea proposatzen du. Argazkiek Giza Eskubideen urraketari aurre egiten saiatzen direnen eta biziraupenarekin, erresilientziarekin eta lidergoarekin lotutako istorioak erakusten dituzte”, azaldu du egileak.
Erakusketa hau Garapenerako Lankidetzako Udal Zerbitzuak antolatutako ‘Fokuan’ jardunaldien bosgarren edizioaren barruan kokatzen da.