Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteria sailburuorde Marcos Murok iragarri duenez, Eusko Jaurlaritza 2017-2020 Boluntariotzaren Euskal Estrategia berria lantzen ari da. Urte amaiera baino lehen aurkeztu nahi den estrategia berriaren xedea, besteak beste, boluntariotza zer den eta zer ez den zehaztea izango da. Izan ere, egun indarrean den araudiaren arabera, boluntario lanak burutzen dituzten milaka pertsonen lana ez litzateke boluntariotzaren barruan sartuko. Era berean, indarra hartzen ari den boluntariotza korporatiboari ere bere lekua eman nahi zaio. Izan ere, pasa den uztailaren 11n Innobasqueren Astearteak edizio berriaren irekiera-ekitaldian Murok azaldu zuenez “gizarte-erantzukizun korporatiboaren estrategiaren zati gisa, boluntariotza korporatiboak enpresari ikusgaitasuna, indarra eta edukia ematen dio”. Zoritxarrez, sektore sozial eta enpresarialaren arteko harremana, historikoki, ez da oso ona izan eta elkarlanerako tradizio eskasa dago.
Pasa den apirilean 300 lagun inguru Gasteizen elkartu ziren Boluntariotzaren Euskal Topaketan. Bertan, Boluntariotzaren Euskal Estrategia berria izango denaren oinarriak ezarri ziren. Administrazio publikoen, gizarte-erakundeen eta boluntario taldeen iritziak jasota estrategia berria prestatzeari ekin zaio.