Irakurketa denbora: 2 minutu
Euskadin nagusi zen familia-egiturak hainbat aldaketa izan ditu azken urteetan. Eusko Jaurlaritzak egindako azken ‘Euskal Familien eta Familia-etxeetako Inkestak’ erakusten duenez, gaur egun gehiago dira Euskadin, lehenengo aldiz, gehiago dira pertsona bakarreko etxeak seme-alabak dituzten familia-etxeak baino.
Aipatu txostenaren arabera, 290.497 pertsona bakarrik bizi dira EAEn. Seme-alabekin bizi diren gurasoek osatutako familia tradizionalak, berriz, 289.361 dira. Joera hau aspalditik dator, baina nabarmen azkartu da azken lau urteetan, tarte horretan pertsona bakar batek osatutako familien kopuruak nabarmen egin baitu gora: 27.000 gehiago. Hortaz, euskal biztanleriaren % 13,18 bakarrik bizi dela azpimarratu behar da eta horiek Euskadin diren etxebizitza eskuragarri guztien ia heren bat hartzen dituzte.
Familia tradizionala
Familia tradizionalaren eredua krisian dagoela dirudien arren, oraindik ere gehiengoa dira horrela bizi diren pertsonak. Horrela, Euskadin diren 289.361 familia tradizional horietan 1.059.900 herritar bizi dira, hots, Euskadiko biztanleria osoaren % 48,14.
Azken urteetan izan den bilakaerak agerian utzi du familia-osaeran eman diren aldaketa sakonak. 2015. urteaz geroztik, Euskadin diren familia-etxeen kopurua % 8,6 hazi da eta, ondorioz, 2023ko datuen arabera, 937.737 familia-etxe zeuden. Kontuan izan behar da, aldi berean, Euskadiko biztanleria ez dela modu nabarmenean igo. Txostenak agerian uzten duenez, guraso bakarreko 17.000 familia gehiago daude eta 40.000 familia tradizional gutxiago.
Familia-etxeak
Aldaketa horiek guztiek zuzeneko eragina izan dute Euskadiko familia-etxeen hainbat alderditan. Nabarmenena, noski, familia osatzen duten pertsonen kopuruan izandako jaitsiera da, 2025eko 2,48tik 2023ko 2,35era, hain zuzen ere.
Datu horien guztien azpian dagoen arazoa EAEko jaiotza-tasa txikia da. Txostenean jasotako datuen arabera, Euskadiko familia-etxeen % 11,7k adierazten du nahi baino seme-alaba gutxiago dituela eta horretarako arrazoien artean, nagusiki, honako hauek aipatzen dira: baliabide ekonomikoen falta, lan-prekaritatea eta lana eta familia bateragarri egiteko zailtasunak. Arrazoi ‘naturalak’ aipatzen dituzten horiek % 5,2 baino ez dira.
EAEko familia-etxeen % 6,3k adierazi du oinarrizko beharrak asetzeko diru-sarrera nahikorik ez dituela. Familia-etxeen % 0,2 oso egoera larrian daude ez baitute inolako diru-sarrerarik. Ildo berean, familia-etxeen % 15.7k dio etxean konponketak behar dituela.
Familia-kontziliazioa
Familia-kontziliazioa erronka garrantzitsua izaten jarraitzen du, bereziki emakumeentzat. 69.772 pertsonak lan-jarduera eten behar izan dute kontziliazio-arazoengatik, horietatik % 80 emakumeak izanik. Gainera, euskal etxebizitzen % 6,5ek lan-gainkarga dagoela adierazten du adineko pertsonen zaintzagatik.









