Fluxu, arte garaikideko zirkuitu berria Nafarroan

Kultur programa berria hamar udalerritan zehar ibiliko da, leku bakoitzera egokitutako proposamen artistikoekin

Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundeak Nafarroan zehar arte garaikidea erakustea helburu duen Fluxu izeneko egitasmoa jarri du abian. Urriaren 7tik otsailaren 26ra bitartean Fluxu egitasmoaren lehen edizioak sorkuntza artistiko garaikidea Nafarroako hainbat udalerritara hurbilduko du berariaz diseinatutako eskaintza baten bidez.

Egitasmo berriak helburu bikoitza du. Alde batetik, herritarrei arte garaikidea ulertzeko eta gozatzeko beharrezko tresnak eskaintzea du helburu. Bestetik, eremu ez hain urbanizatuetan arte-adierazpen horien presentzia handitu nahi du, tokiko erakundeekin eta hezkuntza- eta elkarte-ehunarekin lankidetzan.

Fluxu

“Fluxu” izena latinezko “fluxus” hitzetik dator, lurraldean zehar ideia, esperientzia eta artelanek duten zirkulazioa gogorarazten duena. Lehenengo edizioan, hamar udalerri izango dira egitarauaren egoitzak: San Adrian, Viana, Zangoza, Bera, Azkoien, Altsasu, Tafalla, Elizondo, Corella eta Gares. Gainera, Iruñean, Nafarroako Museoak prestakuntza jardunaldiak eta itxiera ekitaldia hartuko ditu.

Fluxu bi ekintza-ildotan egituratuko da. Lehenengoak, “Obra batekin elkarrizketa” izenekoak, pieza nabarmen bat erakutsiko du udal-espazio batean. Ikusleak obra arretaz ikustera gonbidatuko dira, eta obra balioesteko gakoak emango dituen diptiko bat izango dute. Bigarren lerroa, “Erakusketa hedatua”, leku bakoitzerako berariaz sortutako esku-hartze artistikoetan oinarrituko da, bertako arkitektura, paisaia eta herrian bizi diren pertsonekin elkarrizketan.

Programak bitartekotza-jarduerak ere barne hartuko ditu, hala nola tailerrak eta artistekin topaketak, artelanen inguruko trukerako eta eztabaidarako espazioak sortuz.