Gaixotasun minoritarioen ikerketaren aldeko martxa solidarioa

CaMinus Vitoria-Gasteiz martxa solidarioaren hirugarren edizioak ikerketaren garrantziaz sentsibilizatuko du datorren maiatzaren 11n

Datorren maiatzaren 11n, desgaitasuna ikusaraztea eta gaixotasun minoritarioak ikertzeko funtsen bilketa sustatzea helburu duen CaMinus III. martxa solidarioa egingo da Gasteizen. Parte-hartzaileek 4 kilometroko ibilbide erraza egin beharko dute eta amaieran hainbat jarduerez gozatzeko aukera izango dute.

Ekimen honetan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. Helduek 12 euro ordaindu behar dute eta 12 urtetik beherako gazteek 6 euro. Izen-emateak online egin daitezke Vital Fundazioaren webgunearen bidez, edo aurrez aurre hainbat establezimendu laguntzailetan apirilaren 21era arte.

Pasa den urteko edizioan 800 lagunek hartu zuten parte. Eraztun berdearen zati bat eta hiriko parkeak zeharkatzen dituen ibilbidea dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat eta adingabeentzat inklusiboa eta irisgarria izateko diseinatuta dago. Ibilaldian zehar, txaranga batek parte hartzaileei lagunduko die, jai giro alaia sortuz.

Ibilaldia amaitzean, Galeon parkean, hainbat jarduera egingo dira, hala nola pailazoak, zuzeneko musika, zozketak eta beste hainbat sorpresa.

Parte hartzaile guztiek martxa-kit bat jasoko dute, kamiseta tekniko bat, motxila, hornidura eta guzti.