Gasteiz berdinzaleago eta solidarioago baten alde

Udalak antolatzen duen ‘Elkarrekin bizitzen ikasi’ programaren barruan zazpi jarduera programatu dira aurtengo lehen seihilekorako

Topaketa eta elkarbizitza guneak sortzea helburu duen ‘Elkarrekin bizitzen ikasi’ programak zazpi jarduera programatu ditu 2024ko lehen seihilekorako. Aipatu programa Gasteizko Udalaren Bizikidetza eta Aniztasuneko Udal Zerbitzuak antolatzen du eta berdintasunezkoa eta solidarioa izango den hiri bat lortzea du helburu. Horretarako, besteak beste, herritarren arteko hartu-emana, komunikazioa eta elkar ezagutza bultzatzen ditu.

Programa

Urte honen lehen erdirako zazpi jarduera programatu dira. Horietatik, lehenengoa, otsailaren 29an egingo den ‘Entre3’ zine foruma izango da. Saio horretan, Florida Zinemaren 1. aretoan Fernando Francok zuzendutako “La consagración de la primavera” filma ikusi ahal izango da.

Hurrengo jarduera martxoaren 15ean izango da. Egun horretan, Ara! Gorputz elkarteko kide Alazne Iparragirrek ‘Familian asko gara’ ipuina kontatuko die 3-6 urte bitarteko haurrei euskaraz. Hitzordua Zabalganako Gizarte Etxean izango da, 17:30etatik aurrera. Jarduera hau apirilaren 19an errepikatuko da Salburuko Gizarte Etxean.

Martxoaren 22an, ostirala, PorCausa Fundazioko kide Chantal Touzetek”Funtsezko 7 puntu migrazioei buruzko narratiba berriak sortzeko” izenburua duen mintegia eskainiko du Montehermoso Kulturunean.

Maiatzaren 9an, osteguna, Lamine Thior aktore, komiko, gidoilari eta aurkezleak “Umoreak ba al du mugarik?” tailerra eskainiko du Simone de Beauvoir Elkarteen Etxean. Jarduera hori 15 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta bertan, hizlariak gure egunerokotasunean umorea erabiltzean eragiten dituzten estereotipo, aurreiritzi eta diskriminazioetan sakonduko du.

Lehenengo sei hilekorako programazioari amaiera emateko, “Gorputz anitzak komunikabideetan” izeneko topaketa egingo da ekainaren 18an Ignacio Aldecoa Kultur Etxean.

Aipatu jarduera horiekin guztiekin batera, “Aktiba (tu) portal” proiektu pilotu komunitarioa garatuko da, Zurrumurruen Aurkako Udal Estrategiaren talde eragileak sustatua, Judimendi auzoko batzarrarekin lankidetzan.

Saioetarako izen-emateak www.vitoria-gasteiz.org/bizikasi web orriaren bidez egin daitezke.