‘Mapandreak’-ek Donostiako kale-izendegiko emakumeak ezagutaraziko ditu

Mapa ilustratu baten bidez, egitasmoak emakumeen izenak dituzten 63 espazio publiko, eskultura eta mural identifikatzen ditu.

Donostia Gazteriak antolatzen duen MartxUp! Programaren barruan garatutako ‘Mapandreak’ programak Donostiako kale-izendegian diren emakumeak ezagutaraziko ditu. Mapa ilustratu baten bidez, egitasmoak emakumeen izenak dituzten 63 espazio publiko, eskultura eta mural identifikatzen ditu. Clara Campoamor, Elbira Zipitria, Menchu Gal, Maritxu Guler eta Katalina Eleizegi edo emakume batelariak, Tabakalerako zigarro-egileak, latsariak nahiz andereñoak dira, besteak beste, mapak jasotzen dituen izen esanguratsuetako batzuk.

500 ale argitaratu dira euskaraz eta gaztelaniaz, eta hiriko hainbat tokitan banatuko dira.

Egitasmoa 2019. urtean Donostiako Udaleko Berdintasun Bulegoak plazaratu zuen Emakumeon Donostiamapa digitalaren jarraipena da. Lehen lan hori Emakumea eta Hiria Foroarekin, Emakumeen Etxea elkartearekin eta UPV/EHUko Emakume eta Gizonen berdintasunaren gaineko Masterrarekin elkarlanean.

Donostiako Udaleko Aniztasun, Inklusio eta Berdintasun zinegotzi Cristina Lagék azaldu duenez, “Mapandreak-ek balioa eman nahi die emakumeei, eta beren presentzia nabarmendu kale, plaza eta parkeetan. Helburua da Donostia ere emakumeena dela aldarrikatzea, eta gogoan izatea berdintasunaren bidean aurrera egiten jarraitu behar dugula, hiriaren historiari hainbeste ekarpen egin dioten emakumeen izen propio gehiago ikusaraziz”.