Gasteizko Jabetze Feministarako Eskolaren jarduera-programa berria

‘Badakizu zein den zure lekua’ leloarekin, Berdintasunerako Udal Zerbitzuak 76 jarduera proposatzen ditu: hitzaldiak, arte eszenikoak, literatura, zinema eta musika.

Gasteizko Jabetze Feministarako Eskolak irailetik maiatzera bitarteko aldirako jardueren programa berria iragarri du, ‘Badakizu zein den zure lekua’ leloarekin. Udaleko Berdintasun Zerbitzua kultur adierazpen ugari biltzen dituzten 76 jarduera diseinatu ditu guztira: hitzaldiak, arte eszenikoak, literatura, zinema eta musika.

Aurtengoa eskolaren hamahirugarren edizioa da eta helburu nagusia berdintasunaren arloan lortutako aurrerapenak nabarmentzea da, azken aldian gizartean aldaketak bultzatu baitituzte.

2023-24 ikasturtearen inaugurazioa irailaren 21ean, ostegunean, izango da, 18:30ean, Felix Petite antzokian.

Aldabe Gizarte Etxeak ere bi kultur ekitaldi izango ditu: ‘Nire irudia zure haragian’ antzezlana azaroaren 24an aurkeztuko da eta ‘Nadie hablará de nosotras’ ikuskizun musikala, berriz, abenduaren 15ean.

Denboraldi honetan hiriko antzokietan egingo den proposamenik nabarmenena Rodrigo Cuevasen kontzertua izango da, bere azken musika proiektua, ‘La Romería’, aurkeztuko baitu martxoaren 14an Principal Antzokian.

Gainera, 2023-24 ikasturteko kultur programazioa ‘Lo normal’ antzezlanarekin osatuko da maiatzaren 9an, Felix Petite Antzokian, eta bi hitzordu berri Jesús Ibáñez de Matauco antzokian: ‘Bollo-Trans Bertso-Saio Musikatua’ proposamena maiatzaren 18an, eta ‘Wateke’ musika eta umorean oinarritzen den inprobisazio ikuskizuna maiatzaren 25ean.

Programa maiatzaren 30ean, ostegunean, itxiko da, Landatxo Gizarte Etxeko kiroldegiko kantxan, festa batekin eta Alarma Morearen kontzertuarekin.

Zinema

Zinemari dagokionez, Jabetze Feministarako Eskolak proiekzio-ziklo bat eskainiko du Florida zinemetan, eta hitzaldiak izango dira ondotik. Urriaren 19an Txilen 2019ko urrian izandako iraultzari buruzko ‘Mi país imaginario’ eta azaroaren 23an Espainiako Trantsizioan feminismoaren gaia jorratzen duen ‘Las buenas compañías’ filmak izango dira Zine-forum Entre3 honetan. 2024an, ‘Plan 75’, ‘La consagración de la Primavera’ eta ‘Petit mal’ filmak proiektatuko dira urtarrilean, otsailean eta maiatzean, hurrenez hurren.

Zine-forumerako gonbidapenak emanaldi bakoitza baino bi hilabete lehenago egongo dira eskuragarri.

Hitzaldiak

Hitzaldiei dagokienez, Emakumeen Etxean hitzaldi batzuk izango dira. Hainbat hizlarik gai hauek jorratuko dituzte, besteak beste: ugalketa-desioak eta -merkatuak, eraildako emakumeak eta zauritutako komunitateak, gordofobia, baimena, sexologia feminista kritikoa eta emakumea babesteko patronatuaren historia.

Hitzaldi horiek aurrez aurre zein streaming bidez jarraitu ahal izango dira.

Gainera, Jabetze Feministarako Eskolak Ikerketa Feministako Lanen IV. Lehiaketa ere abiarazi du, UPV/EHUko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko Masterrarekin lankidetzan. Ekimen honen helburua ezagutza eta ikerketa feminista sustatzea da, eta proposamenak onartuko dira irailaren 27ra arte. Bi proposamen aukeratuko dira, eta bakoitzak 4.800 euroko saria jasoko du.