Gaztea naiz eta, gainera, emakumea. Horrek esan nahi du nire egoeraren arazoak bikoiztu egiten direla. Alde batetik, une honetan gaztea izateak gure bizitza-proiektuak aurrera eramateko zailtasun asko izango ditugula esan nahi du. Bestetik, gaztea izateari emakume izatea gehitzen badiogu zailtasunak areagotzen dira. Izan ere, zoritxarrez, parte-hartzea orokorrean maskulinoa da.
Eta egora hori da ez berria. Ni bezala hainbat gazte egoera berean ikusi dira. Emantzipazio-tasa aztertzen badugu, ikus daiteke Euskal Autonomia Erkidegoan batez besteko emantzipazio adina ia 30 urtetan dagoela, zehazki 29,6. Gaztetasuna 30 urtetan bukatzen bada, ba al daude emantzipatzen diren gazteak? Eskutik emanda doa enplegu egoera. Batez besteko soldatak 1.093€koak dira ―emakume gazteen kasuan 1.025€―; langabezia-tasa ia % 20koa da, biztanleriako datuaren bikoitza; gazteon ia % 30 lanaldi partzialean da eta ia bitik bat aldi baterako kontratupean. Nola ez, ezohiko kontratazio formulak gehitu behar dira egoera osatzeko: bekak, praktikak, beltzean kobratzea, ordu extrak, etab.
Baina gure kexkak eta bizitzako esparruetan behar ditugun hobekuntzak ez dira bakarrik bi gai horietara mugatzen. Interesa eta gogoak ditugu hainbat esparrutan ekarpenak egiteko. Hori bideratzeko era ezberdinak daude eta horietako bat Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK) da. Bertan, Enpleguaz eta Etxebizitzaz gain, beste hainbat gai jorratzen ditugu; Berdintasuna, Parte-hartzea, Bakea eta Bizikidetza, Hezkuntza… Espazio bat dugu gure ekarpenak administrazioetara helarazteko eta gure egoera hobetzen saiatzeko.
Horrez gain, beste kontseilu batzuk daude, adibidez Nafarroako Gazteriaren Kontseilua (NGK). Uste al duzue Nafarroako eta EAEko gazteon beharrak oso ezberdinak izango direla? Galdera hori erantzuteko eta hainbat gai jorratzeko asmoz, bi kontseiluok Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean gaur hainbeste gogoekin kontatzera natorren proiektua sortu zen: Gazte Agora.
Errealitate ezberdinak izan ditzakegu EAEn zein Nafarroan edota Iparraldean bizi garen gazteok, baina argi dugu amankomunean beste hainbat gauza ditugula. Hori dela-eta, Gazte Agora proiektua martxan jarri dugu. Bertan hainbat gai jorratzeko topaketak egingo dira, azken finean, komunekoak direnak saretzearen bidez kudeatu eta lantzeko.
Lehengo topaketa abenduaren 14an izango da, Donostiako Miramar Jauregian, EAEko gazteok parte hartzeko. Bertan, gure kexka guztiak partekatu eta proposamenak aterako ditugu. Aukera paregabea izango da gure barne errealitatean lantzeko ditugun gaien gaineko ekarpenak eta proposamen komunak ateratzeko. Bigarrena, 2020ko otsailean izango da Iruñean. Bertan, Nafarroako gazteen txanda izango da, haien errealitatearen eta egoeraren gaineko analisia eta proposamenak egiteko aukera izango dute. Hirugarren bat Baionan burutuko da 2020ko martxoan. Iparraldeko gazteek ere, haien errealitatea komunean jartzeko eta proposamenak ateratzeko.
Baina ezin gara gure lurraldetan bakarrik geratu, ezta? Haratago joateko asmoa dugu. Horregatik, 2020ko maiatzean, hiru topaketa horietan ateratako guztia komunean jarriko dugu open space baten bitartez. Zergatik? Begi-bistakoa da. Gazteon egoera orokorra ikusteko aukera izango dugulako. Zein behar ditugun gure lurraldearekiko zehatzagoak direnak eta zeintzuk diren gure komuneko beharrak.
Behin aztertuta zeintzuk diren komuneko interes hauek, zelan bideratu eta zelan indarrak batu bilatu beharko dugu. Hori errazteko, hiru topaketetan gai berberak jorratuko dira: Hezkuntza formala zein informala; Gobernantza: parte-hartzea eta ahalduntzea; Sozioekonomia: ongizate materiala; eta, hizkuntza: euskara eta hizkuntza politikak. Horrek aukera emango digu gazteon saretze forma berriak sortzeko.
Proiektu horrek aukera emango digu lurralde desberdinetako gazteok helburu komunak identifikatzeko eta elkarrekin garatzeko gunea izango da, saretzeko gunea. Gazte norbanakoak, eragileak eta Euskadiko eta Nafarroako Gazteriaren Kontseiluek bat egiteko aukera emango du. Aniztasuna eta balio partekatuak izango ditugu. Lurralde berezitasunak eta lurraldeen arteko lankidetza izango dugu.
Ni banoa! Ez gelditu etxean, izena eman, egon behar dugu!
Maialen Olabe
EGKko presidentea