Gazteen Euskal Behatokiak gorputz-hezkuntza eta harreman osasuntsuei buruzko ikastaroa antolatu du

Prestakuntzan, besteak beste, harreman osasuntsuak eraikitzea eta maitasun erromantikoaren mitoak deseraikitzea landuko dira

 Irakurketa denbora: Minutu 1

Gazteen Euskal Behatokiak “Gorputzaren arreta: tratu oneko harremanak lantzen” izeneko ikastaroa antolatu du martxorako. Gorputz-hezkuntza eta harreman osasuntsuak ardatz izango dituen prestakuntza gaztelaniaz emango da. EMAIZE Sexologia Zentroko Maider García de Vicuñak eta Miren López de Arregik emango dute ikastaroa.

Gorputz-hezkuntza eta harreman osasuntsuak

Programa hiru egunetan garatuko da Bilbon, martxoaren 12an, 19an eta 26an, Gazteen Euskal Behatokiaren egoitzan. Saioak goizez izango dira, 9:00etatik 14:00etara, eta gehienez 20 parte-hartzaile onartuko dira.

Prestakuntzaren helburu nagusia da hezitzaileentzako hausnarketa eta zentzumen-esperientziarako gune bat sortzea. Ikastaroan gorputzak prebentzio-tresna gisa duen garrantzia azpimarratuko du. Gainera, maitasun erromantikoaren mitoen deseraikitzea eta eredu pornografikoarekiko bestelako eredu erotiko bat garatuko dira, esperientzia pertsonaletan oinarrituta.

Programak hainbat alderdi jorratuko ditu sakonki, besteak beste:

  • gorputzaren kontzepzioaren bilakaera historikoa eta haren sustrai patriarkalak
  • edertasun-eredu estereotipatuen azterketa kritikoa
  • generoen arteko gorputz-sozializazioaren desberdintasunak.

Horrez gain, norberaren gorputzarekiko konexioa landuko da, autoezagutza eta ongizate iturri gisa.



Izen-emateak 2025eko otsailaren 11tik 20ra bitartean egongo dira zabalik. Interesdunek ziurtagiri digitala beharko dute izena eman ahal izateko. Lehentasuna izango dute gazteekin lan egiten duten profesionalek, gazteen informaziorako langileek, gizarte- eta familia-hezitzaileek, eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetako orientatzaileek. Hautaketan izen-emate ordena ere kontuan hartuko da.

Informazio gehiago jasotzeko edo izen-emate prozesuan laguntzeko, interesdunek Behatokiarekin harremanetan jar daitezke gaztebehatokia@euskadi.eus helbide elektronikoaren bidez edo 944031645 telefonora deituz.

Advertisements