Groundhogging: nire maite-kontu guztiak oso antzekoak dira

Garrantzitsua da pertsona-mota ezberdin bat ezagutzeko prest egotea.

1993ko ‘Groundhog day’ (Marmotaren eguna) filmean Bill Murray aktoreak behin eta berriro bizi behar izaten du egun bera. Film horretan islatzen dena sarritan erabili ohi da begiztan edo behin eta berriro errepikatzen diren jarrerak azaltzeko, adibidez, lanean edo gure egunerokotasunean.

Orain, fenomeno hori hitzorduen aplikazioen esparrura ere zabaldu dela dirudi. Izan ere horrelako aplikazioetara jotzen duten erabiltzaile askok pertsona-mota berarekin hitzorduak izateko joera azaldu ohi dute. Aipatu filmean oinarrituta, fenomeno horri ‘groundhogging’ izena eman zaio. Hau noski, ez da gauza berria eta, ikerketa ezberdinen arabera gizakiok  pertsona eredu zehatz bat izan ohi dugu buruan bikotekide bila gabiltzanean. Zinemako adibideekin jarraituz, adibidez, hori agerian geratu zen pasa den mendeko 50. hamarkadako ‘Gentlemen prefer blondes’ (Jaunek ilehoriak nahiago dituzte) filmean. Bertan, Marilyn Monroek eta Dorothy Loreleik ileorde ilehori bati esker beren lekua trukatzen dute, gizonentzat bi emakume ilehori berdinak direlako ideian sakonduz. Film horretan bertan Dorothyri egozten diote beti gizon-mota bera bilatzen ari dela, hots, aberatsak eta erakargarriak.

Kontua da horrelako fenomenoan erortzen diren pertsonen artean etsipena nagusitu ohi dela. Hitzordu bakoitzean emaitza ezberdina espero dute, baina pertsona-mota bera bilatzen dutenez, behin eta berriro, emaitzak errepikatzen dira.

Normala da pertsonak nortasun edo ezaugarri fisiko jakin batzuek erakarrita sentitzea harreman baten lehen etapetan. Hala ere, lehentasun horiek zurrun bihurtzen direnean, hitzorduen aldaera falta eragin dezakete, eta baliteke hazkunde pertsonala oztopatzea. Adibidez, pertsona bat bere bikotekide ohiaren antz fisikoa duten pertsonekiko hitzordu-multzo batean harrapatuta gera daiteke, edo etengabe egon daiteke zaletasun edo interes berak dituzten pertsonen bila.

Garrantzitsua da pertsona-mota ezberdin bat ezagutzeko prest egotea. Horrek ez du esan nahi interes komunak partekatzen ez dituen norbaitekin irteteko prest egon behar dugunik; aitzitik, gure interesak eta ikuspegiak osatu eta hedatu ditzakeen norbait ezagutzeko prest egon beharko genuke.

Halaber, garrantzitsua da denbora hartzea gure lehentasunei eta hitzorduen ereduei buruz hausnartzeko, horiek aldatzeko eta harreman egokiagoak izateko neurriak hartu ahal izateko.