Euskal Idazleen Elkarteak, Iruñeko Udalarekin elkarlanean, Hitzen Mintegia izeneko tailerra antolatu du euskarazko idazmena sustatzeko. Izan ere, aipatu mintegiaren xedea da egile berriek euskarazko literatura sor dezaten sustatzeko baliabideak eskaintzea. Tailerrean parte hartu nahi duten horiek jada izena emateko aukera dute. Horretarako, 010 – 948 420 100 telefonora deitu ahal izango dute irailaren 27ra arte. Izena eman ahal izango dute 16 urtetik gorako euskaldunek eta 15 plaza eskainiko dira.
Mintegia Condestable Jauregian emango da eta hiru saiotan banatuko da. Azken saioari amaiera emateko, jendaurreko errezitaldia egingo da, ikasturtean landutako testuak erakusteko.
Lehen saioa irailaren 28an izango da, eta Oier Guillan antzerkigile, idazle eta kazetariak emango du, jendaurreko errezitaldietarako idazketa teknikak jorratuz. Bigarren saioa, urriaren 5ean, Mikel Ayllon antzerkigile, idazle, itzultzaile eta Arte Garaikideko doktoregaiak zuzenduko du. Saio horretan, testuei ahotsa eta gorputza emateko jarraibideak eskainiko dira. Azkenik, urriaren 19an, Mikel Ayllonek, Igor Arzuaga musikariarekin batera, saio praktiko bat egingo du, entsegu batekin eta zuzeneko errezitaldi batekin, 12:30ean.
Parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute eta tailerreko hiru saioetara joateko konpromisoa hartu.