Nafarroako Estatistika Institutuak 2018ko Gizarte eta Bizi Baldintzen Inkestaren inguruko datuen berri eman du hil honen hasieran eta, horien arabera, euskararen ezagutzak gora egin du Nafarroan, bereziki, gazteen artean. Aipatu inkestan jasotako datuen arabera, Nafarroako 15 urte edo gehiagoko biztanleen % 27,9k euskaraz daki. Kopuru horretan sartzen dira bai euskara oso ongi dakiten pertsonak bai ezagutza txikiagoa izanik eguneroko bizitzako esaldi errazak esateko gai direnak. Ezagutza maila altuena 15 eta 29 urte bitarteko gazteen artean ematen da; aipatu adin tarteko 10 gaztetatik lauk euskara oso ongi dakite. Adinak gora egin ahala euskararen ezagutzak behera egiten du eta mailarik baxuena 60 urte baino gehiagoko biztanleen artean ematen da (% 16,4).
Nafarroako euskaldunen erdiak baino gehiagok euskarazko irratiren edo telebistaren bat entzun edo ikusten du eta, prentsa idatziaren kasuan, euskaldunon heren batek euskaraz idatzitako egunkariak edo aldizkariak irakurtzen ditu.
Hizkuntza-gaitasunei dagokionez, entzumena da gaitasun-maila altuena lortzen duena (biztanleriaren % 22,5ek ondo ulertzen du euskara). Gainera, jasotako datuen arabera, ikasketa-maila aldagai erabakigarria omen da euskararen ezagutza-mailan. Horrela, zenbat eta ikasketa-maila altuagoa orduan eta euskara-maila altuagoa ere. Goi-mailako hezkuntza dutenen artean euskara ondo ulertzen dutenen kopurua % 18koa den bitartean, biztanleria osoarena % 12,8 litzateke.
Gaztelania eta atzerriko hizkuntzak
Gaztelaniak Nafarroako hizkuntza nagusia izaten jarraitzen du. Biztanleen % 84,6k gaztelania du ama-hizkuntza. Ama-hizkuntza euskara duten biztanleen kopurua % 5,6 da. Kopuru horri euskara eta gaztelania ama-hizkuntza duten biztanleen % 3,4 gehitu behar zaio.
Atzerriko hizkuntzei dagokionez, ingelesa eta frantsesa dira ezagutza-maila handiena duten hizkuntzak. Euskaldunek biztanleria orokorrak baino ezagutza-maila handiagoa dute bi hizkuntza horietan.