Euskal Autonomia Erkidegoko 15 urteko ikasleei pasa den urteko maiatzean egindako azterketaren arabera, Euskadik inoizko emaitzarik txarrenak lortu ditu PISA txostenean. Nafarroako ikasleek, berriz, oso emaitza onak lortu dituzte eta ELGA/OCDE batez bestekoaren gainetik kokatu dira. PISA txostenak aipatu adineko ikasleen gaitasun zientifikoa, gaitasun matematikoa eta irakurmen gaitasuna ebaluatzen ditu. Lehen gaitasunari dagokionez, euskal ikasleek 483 puntu lortu dituzte, aurreko txostenean baino 23 puntu gutxiago eta ELGAko bataz bestekoa baino 10 puntu gutxiago. Ikasle nafarrek 512 puntu lortu dituzte gaitasun horretan. Gaitasun matematikoari dagokionez, euskal ikasleek 492 puntu lortu dituzte (ELGAko batez bestekoaren gainetik); nafarrek, 518. Azkenik, irakurmenari dagokionez, euskal ikasleek 491 puntu lortu dituzte eta nafarrek 514.