Ez da lehenengo aldia izan eta ez da bakarra izango. FACUA Euskadik, BBK Live jaialdiaren antolatzailea salatu du berriz ere. 2016an cashless eskumuturrekoen xahutu gabeko dirua ez zielako itzuli bi euro baino gutxiago zutenei, eta euro bat kobratu zietelako beste guztiei –inposatutako zerbitzuaren kudeaketa-gastuengatik–. Aurten, berriz, salaketa kanpoko janaririk eta edaririk ezin zelako sartu jaso dute. Esan bezala, ez da arazo puntuala! Jaialdi gehienek abusuzko klausulak dituzte: hau da, eskubide eta betebeharren arteko desoreka sortzen da. Bidezkoa al da?
Informazio orokorra > Click > Jaialdiko arauak > Click > Maiz egiten diren galderak: Janari begetarianoa/beganoa egongo al da? Glutenik gabeko janaria egongo al da? “Saiatuko gara baietz! Guztiak! Glutenik gabeko elikagaiak baita. Fruta freskoa”. Serio! 2-3 egun emango dituzu festibalean eta hauxe da antolatzailearen erantzukizuna: saiatuko gara! Eta unea iristerako, zaplastekoa jasotzen duzu: sandwich begetalak arrautza eta hegalaburra dituela ikusterakoan; glutenik gabeko ogia aurkitzerakoan, urre prezioan eta gordinik (aurreegositako ogia delako). Begetarianoa izatea ez da haragia eta arraina jateari uztea bakarrik, bizimodu bat da: ingurumena errespetatzen duten produktuak kontsumituz, adibidez. Glutenik gabeko produktuak eskaintzeak, oso cool den arren, ez du esan nahi glutenik gabeko menua dagoenik edota beste alergeno gabeko eskaintza bermatuta dagoenik. Zenbat aldiz irakurri duzu tabernan: “alergenoen gaineko informazioa duzu eskuragarri”; eta galdetzerakoan, plater guztiek ezarritako alergeno guztiak dituztela jasotzea –puede contener trazas de…–. Giro oneko erantzukizunak alde batera utzita… saiatu eta lor dezazuela espero dut! Askoren onuragatik!
Diabetikoek, esate baterako, sendagaiak sartu ditzakete segurtasun-kontrolean euren burua aurkeztuta eta errezeta medikoak aurkeztuta; lotuta dauden gailu medikuak, janariak ere eraman ditzakete. Baina datu-babes-legearekin bateragarria al da eskakizuna? Nire zalantzak ditut, argibidea eskertuko nuke. Gainera, artikulu bat sartu aurretik, jaialdian eskuragarri ez dagoen azaltzen duen dokumentua aurkeztu beharra dago. Lortu ezean, hipogluzemia izatekotan, ilaran jarri beharko zara indize gluzemiko ezezaguna duen produkturen bat cashless eskumuturrekoarekin erosteko. Eta konpondu zaitez intsulinarekin!
Jaialdi askoko berritasunetako bat, edoskitze-aretoak dira. Zorionak! Ekimen ona da. Umetxo txikiak amaren titiarekin nahikoa du, baldin eta amatxo jaialdiren babeslea alde batera utzita mantentzen bada: garagardoa, garagardoa eta garagardoa. Baina elikagairik ezin bada sartu, osasungarria eta egokia den zeozer salduko dute beretzat?
Kontsumitzaileen defentsarako elkarteak prezioan oinarritzen du bere azkeneko salaketa, antolatzaileak monopolioa lortzen duelako: konpetentziarik gabe prezioaren erregularizazioa ez delako suertatzen. Zinema-aretoak gogora dakarzkigu, eta inposatutako krispetak. Batean edo bestean, bere jarduera bakarra balitz (janariaren inguruan), logikoa liteke galaraztea; baina beste diru iturria besterik ez da haientzat! Gainera, ez dezagun ahantz esparruetako eskaintza oso mugatua dela, eta ez dituela kontsumitzaile guztien beharrak betetzen. Kanpoko produktuen kontsumoa baimendu beharko litzateke? Zer uste duzu? EZ / BAI
Nerea Segura