Kultur programak Nafarroako 42 herri bisitatuko ditu uda honetan

Egitaraua ekainaren 19an hasi eta irailaren 20ra arte luzatuko da jazz, folklore, flamenko, rock eta arte eszenikoetako proposamenekin

Egilea: Lander Bolado
Argazkia:  Jesús M Garzaron / navarra.es
Hitz kopurua: 346
Irakurketa denbora:  2 minutu

Kultur jaialdiaren 31. edizioak, Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak antolatzen duen udako kultur programak, kontzertuak eta ikuskizunak eskainiko ditu Foru Erkidegoko 42 udalerritan ekainaren 19tik irailaren 20ra bitartean. Egitarauak 38 musika eta arte eszenikoetako emanaldi biltzen ditu, baita arte plastikoen erakusketa bat ere Bertizko Jauregian. 2025eko edizioak 15.010 pertsona bildu zituen guztira.

Edizio honetako berrikuntzetako bat da orain arte jaialdian parte hartu ez duten tamaina txikiko udalerriak gehitu izana. Egoitza berrien artean Orotz-Betelu, Aberin/Muniain, Abaurregaina, Abartzuza, Puiu, Garde, Barbarin, Xabier eta Olague daude.

Proposamen artistikoen hautaketa Navarra Music Commission-ek egin zuen deialdi publiko baten bidez, udalerri bakoitzaren lehentasunak, espazioen ezaugarriak edo proiektu berrien ikusgarritasuna bezalako irizpideekin.

Askotariko egitaraua

Musika-eskaintzak gaur egungo herri-musikako hamaika kontzertu biltzen ditu: folklore garaikideko zortzi emanaldi, bost jazzeko, lau egile-musikako, lau musika tradizionaleko, bina flamenko eta rockeko, eta musika elektronikoko beste bi eskainiko dira. Arte eszenikoei dagokienez, programak dantza garaikideko bi ikuskizun, kaleko antzerkiko edo antzerki-zirkuko bi emanaldi eta dantza tradizionaleko ikuskizun bat biltzen ditu.

Jaialdia ekainaren 19an, ostiralean, hasiko da, aldi berean egingo diren bi emanaldirekin: Sara Zozayaren ‘Nara’, Tafallan, eta ‘Frank Sinatraren ondarea Claude Bollingen musikan’, Crossover Ensembleren eskutik, Fiteron. Egitaraua irailaren 20an itxiko da Orreagan, Gwenhwyfarren emanaldiarekin.

Erakusketa Bertizen

Kontzertu eta ikuskizunekin batera, Kultur programak arte plastikoen erakusketa bat ere jasotzen du Bertizko Jauregian, uztailean eta abuztuan. Myriam Cameros Sierra artistak ‘Dibujos medicina/Sendagaiak’ aurkeztuko du, papereko marrazkiak, brodatuak eta eskultura-pieza txikiak uztartzen dituen proposamena. Lan horietan, landare- eta animalia-elementuekin nahasten diren gorputzak irudikatzen dira.

Erakusketarekin batera hainbat jarduera osagarri antolatu dira: uztailaren 16an zuzeneko marrazkia izango duen bisita gidatu bat, uztailaren 29an helduentzako ‘Akelarre ilustratua’ izeneko talde-marrazketako saio bat, eta abuztuaren 16an 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako fantasiazko pertsonaiak sortzeko tailer bat.

Kultur programaren aurreko edizioak 6.174 ikusle bildu zituen arte eszeniko eta musikako jardueretan, eta Bertizko erakusketak 8.836 bisita jaso zituen. Guztira, programak 15.010 ikusle izan zituen 2025ean.