Latinoamerikako gatazkak aztergai Gasteizen

Urriaren 16tik 19ra izango den ‘Fokuan’ jardunaldien hirugarren edizioan Latinoamerikaren egoera soziopolitikoa aztertuko da

GasteizekFokuan. Latinoamerika, estu eta larri” izeneko jardunaldiak hartuko ditu urriaren 16tik 19ra bitartean. Gasteizko Udalaren Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak antolatuta jardunaldia Latinoamerikak aurrez aurre dituen erronka politiko eta sozialei buruzko hausnarketarako eta analisirako gune gisa aurkezten da.

Programazioaren barruan antolatu diren jarduera ezberdinen bidez, Latinoamerikaren egoera soziopolitikoa aztertuko da, besteak beste, erronka demokratikoak, demokrazietan diren gatazkak, suspertzen ari diren eragile politikoak, gizarte-mugimenduak eta giza eskubideen egoera bezalako gaiak jorratuz.

Argazki erakusketa

Aurtengo ‘Fokuan’ jardunaldien ardatzetako bat urriaren 29ra arte Andra Mari Zuriaren Plazan ikusgai izango den Edu León-en “Latinoamerika zauri bizitan. Borrokak eta memoria han eta hemen” argazki erakusketa izango da.

Edu Leonen irudietan Quitoko kaleetan estraktibismoaren aurka protesta egiten duten ekuadortar indigenen aurpegiak, indarkeriaren aurka ahotsa altxatzen duten emakume kolonbiarrak eta ura edozein kostutan defendatzen duten Hondurasko nekazarien familiak ikus daitezke. Edu León berak bisita gidatua eskainiko du urriaren 16an, 12:00etan.

Hitzaldiak

Urriaren 16tik 18ra bitartean Europa Biltzar-Jauregian izango den hitzaldi-zikloaren lehen hitzorduan Marta Ruiz kazetari kolonbiarrak ‘Gustavo Petro y la paz política’ izenburua duen hitzaldia eskainiko du.

Urriaren 17an, 19:00etan, Nazioarteko Zuzenbide Publikoan doktore Anna Ayusok ‘La salud de la democracia en América Latina y el reciente ciclo electoral: crisis institucional, polarización y nuevas formas de protesta’ izenburuko hitzaldia eskainiko du.

Azken hitzaldia, urriaren 18an, Julia Gavarrete ikerketa-kazetariak eskainiko du. Hitzaldi horren izenburua ‘El periodismo crítico frente a la demagogia populista’ izango da eta aurreko biak bezala, 19:00etan izango da Europa Biltzar-Jauregian.

Aurtengo edizioari amaiera emateko, urriaren 19an Patricio Guzmán zinemagilearen ‘Mi país imaginario’ filma ikusi ahal izango da Florida zinema-aretoan.

Jarduera guztiak doakoak izango dira eta eserleku kopurua mugatua den lekuetan sarrera iritsitako hurrenkeraren arabera esleituko da. Europa Biltzar-Jauregian antolatuko diren jardueretarako ateak hitzaldiak hasi baino 30 minutu lehenago zabalduko dira. Florida zinema-aretoan eskainiko den saiorako, berriz, sarrerak udalaren web atariaren bidez eskatu beharko dira.