‘Matematika eguneroko bizitzan’ Bidebarrieta Kulturgunean

Maiatzean zehar izango diren hitzaldiek matematikaren eta artearen arteko harremana izango dute ardatz, bereziki, musikarekin, zinemarekin, magiarekin eta arte plastikoekin.

Bidebarrieta Kulturguneak “Matematika eguneroko bizitzan” zikloaren beste edizio bat hartuko du maiatzeko ostegunetan. Aipatu zikloaren xedea da matematika publiko orokorrari hurbiltzea, gizartearen historian izan duen garrantzia erakutsiz, gizartearentzat izan dituen  aplikazio garrantzitsuak deszifratuz, artearekin eta  kulturarekin dituen harreman sakonak ezagutuz eta bere edertasuna partekatuz.

Maiatzean zehar izango diren hitzaldiek matematikaren eta artearen arteko harremana izango dute ardatz, bereziki, musikarekin, zinemarekin, magiarekin eta arte plastikoekin.

Programazioa

Lehenengo hitzordua, maiatzaren 4an, “Tom Johnson konpositorearen aurkitutako objektu matematikoak” izenburuko hitzaldi/kontzertua izango da. Bertan, Iñigo Ibaibarriaga musikariak eta Raúl Ibáñez matematikariak estatubatuar konpositoreak bere lanak konposatzeko matematika nola erabiltzen zuen azalduko dute.

Maiatzaren 11n, José María Sorando matematikari eta idazleak “Matemáticas… de cine” izenburuko hitzaldia eskainiko du. Sorandok zenbait film ezagunetan matematikak duen presentzia azalduko du hainbat adibide aurkeztuz.

Maiatzaren 18an, berriz, Carlos Vinuesak “Matemagia: principios y fines” izenburuko hitzaldia eskainiko du.

Zikloaren azken hitzordua maiatzaren 25ean izango da José María Yturralde artistaren eskutik. Raúl Ibáñezek bere obra plastikoan inspirazio iturri izan den matematikaren inguruko elkarrizketa egingo dio Arte Plastikoen Sari Nazionala irabazi duen Yturralderi.

Lau hitzaldietarako sarrera doakoa da. “Matematika eguneroko bizitzan” zikloa Bilboko Udalak, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak eta Basque Center for Applied Mathematics-ek  (BCAM) antolatzen dute elkarlanean.