Gasteizko Montehermoso Kulturguneak estatu mailako merkatu grafiko espezializatu nagusietako bat den Mazoka merkatu grafikoaren IX. edizioa hartuko du. Abenduaren 20tik 22ra bitartean ospatuko den ekitaldian ilustratzaile eta ikus-artista ugari bilduko dira. Bertan, euren sorkuntza originalak, erreprodukzioak eta tirada mugatuko produktuak prezio eskuragarrietan zuzenean saltzeko aukera izango dute.
Euskadi Ilustrazio Saria jaso duen Yolanda Mosquera ilustratzaile arabarrak diseinatu du edizio honetako kartela, euskal azoka tradizionala topaleku sozial gisa irudikatuz.
Egitaraua
Jardueren egitaraua abenduaren 14an hasiko zen ‘Fuera de Canon’ podcastaren grabaketarekin. Grabaketa Ortuño aretoan egin zen, Isabel Mellén eta Naiara López de Munain dibulgatzaileekin elkarlanean. Saioan Haizea Barcenilla Arte Historiako doktoreak eta Zuz Martín komiki-marrazkilariak parte hartu zuten, eta ‘La Safu’ raperaren emanaldia ere izan zen.
Edizio honetako berrikuntzen artean bi espazio nabarmentzen dira: ilustrazio-proiektu txikiei zuzendutako ‘Mazoka Lagun’ eta aholkularitza sortzailea zerbitzua. Egitarauak ohiko jarduerak mantenduko ditu, hala nola bisita gidatuak, haurrentzako dibuteka, aldizkarien aurkezpenak eta ‘Ilustramatona’.
Gasteizko Udalak babestutako eta Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean antolatutako ekitaldiak artisten katalogoaren hirugarren edizioa argitaratuko du, ilustrazio sektorean erreferentziazko curriculum-argitalpena bilakatu dena. Gainera, Mazokak Arabako patataren kolaborazio txiki bat izango du Euskolabel UDAPArekin; izan ere, kooperatiba horrek Gabonetarako tirada berezia atera du IX. edizio honetako kartelaren ilustrazioarekin.
Saski ilustratuen zozketaren irabaziak Valentziako Ilustrazio Profesionalen Elkartearentzat (APIV) izango dira, tanta hotzak kaltetutako profesionalei laguntzeko. Txartelak online eta hiriko saltoki fisikoetan eskuratu daitezke abenduaren 22ra arte.